Gizartea -
HAUR PORNOGRAFIA
40.600 artxibo pedofilo zituen gizon bat atxilotu dute Valladoliden
Atxilotuak artxiboak trukatzeko sare pribatu bat erabiltzen zuen eta bertan sartzeko aurretiazko gonbidapen bat beharrezkoa zen. Poliziaren arabera, irudiak 'izugarri gogorrak' dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Haur pornografiarekin lotuta, 40.600 artxibo pedofilo baino gehiago zituen gizon bat atxilotu dute Valladoliden. Espainiako Poliziak ohar bidez jakinarazi duenez, irudiak "izugarri gogorrak" dira.
Atxilotuak artxiboak trukatzeko sare pribatu bat erabiltzen zuen eta bertan sartzeko aurretiazko gonbidapen bat beharrezkoa zen. Horrez gain, bizilagunen haririk gabeko sareak urratzen zituen, konexioak modu seguruan egiteko eta bere anonimatua gordetzeko.
Espainiako Poliziak 2015ean abiatu zuen ikerketa, Interpolen bitartez Suitzako Poliziaren ohartarazpen bat jaso ostean. Suitzako Poliziak Espainiakoari ohartarazi zionez, haurren sexu-esplotazioari buruzko artxibo ugari partekatzen zituen erabiltzaile bat atzeman zuten Espainian. Hasiera batean, ez zuten erabiltzailea aurkitzea lortu, segurtasun neurri handiak erabiltzen zituela-eta.
Hilabete batzuk geroago, sare bereko erabiltzaile batez ohartarazi zion Alemaniako Poliziak Espainiakoari. Ikerketaren ostean, pertsona bera zela ondorioztatu zuen Poliziak.
Azkenean, Valladoliden aurkitu eta atxilotu egin zuten. Gizonaren etxean egindako miaketan, pornografiari lotutako 40.646 artxibo eta eskuko telefonoa atzeman dizkiote.
Adin txikiko alabarekin sexu harremanak izateaz harro mintzatzen zen sare sozialetan. Hala ere, abusurik ez zuela gauzatu baieztatu du Poliziak.
Beste polizia operazio batean, gizon bat atxilotu dute Kanariar uharteetan. Valladolideko atxilotuarekin hizketaldiak izan omen zituen.