Gizartea -

Emakumeen Genitalen Mutilazioa

Urtero hiru milioi neskari mutilatzen dizkiete genitalak

200 milioi neska eta emakume mutilatu dituzte mundu osoan. Otsailaren 6an Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Eguna izango da.

Urtero hiru milioi neskari mutilatzen dizkiete genitalak. Argazkia: pixabay.com
Maliko neskato bat
Urtero hiru milioi neskari mutilatzen dizkiete genitalak. Argazkia: pixabay.com

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero hiru milioi neskari mutilatzen dizkiete genitalak eta 200 milioi neska eta emakume mutilatu dituzte mundu osoan, Espainiako Gurutze Gorriak otsailaren 6an Emakumeen Genitalen Mutilazioaren aurkako Zero Tolerantziaren Nazioarteko Egunaren harira jakitera eman duenez.

Gurutze Gorria 2000. urtetik ari da praktika horren aurka lanean Malin, eta Ségou hirian oinarritzen du bere esku-hartzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzarekin bertan garatu duen proiektua batez ere ablazioaren praktika prebenitzera eta nesken eta emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak babestera bideratu du.

Erabaki medikoekin inolako zerikusirik ez duten arrazoiengatik emakumeen organo genitalak eraldatzeko edo erauzteko erabiltzen diren prozedura guztiak barne hartzen ditu emakumeen genitalen mutilazioak, eta emakume eta nesken giza eskubideen urraketa gisa onartuta dago.

Praktika hori bereziki hedatuta dago Afrikako eta Ekialde Ertaineko 29 herrialdetan, baina arazo unibertsala da eta Asiako hainbat herrialdetan ere ohiko praktika da, Indian, Indonesian, Iraken eta Pakistanen esaterako, eta baita Latinoamerikako hainbat komunitate indigenetan ere. Gainera, Mendebaldeko Europan, Ipar Amerikan, Australian eta Zeelanda Berrian bizi diren etorkinen artean ere praktikatzen da.

Bestalde, Espainiako Gurutze Gorriak hemezortzi urtez egin du lan Malin, erauzketaren prebalentzia-indizerik handienetakoa duen herrialdea baita. Ablazioa jasan duten 14 urtetik beherako 44 milioi nesken artetik, % 73 Malikoak dira.

Urte horietan, erakundeak hainbat proiektu garatu ditu hainbat eskualdetan, Maliko Gurutze Gorriarekin lankidetzan eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, batez ere ablazioaren praktika prebenitzera eta nesken eta emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak babestera bideratuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Indarkeria matxista Gurutze Gorria Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Umeak azken ordukoa