Gizartea -

pedofilia

Zortzi gizon atxilotu dituzte, bat Gipuzkoan, haur pornografia sarean trukatzeagatik

Atxilo hartutako gehienek 20-30 urte dituzte, horietako bat espetxean zegoen indarkeria matxistagatik, eta beste bat umeen futbol entrenatzailea zen.

Espainiako Poliziaren agente bat pedofilia artxiboak aztertzen. Argazkia: @policia
Espainiako Poliziaren agente bat pedofilia artxiboak aztertzen.
Espainiako Poliziaren agente bat pedofilia artxiboak aztertzen. Argazkia: @policia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak zortzi gizon, horietako bat Gipuzkoan, atxilotu ditu eta beste bi identifikatu sarean haur pornografia trukatzea egotzita. Gipuzkoan ez ezik, Malagan, Bartzelonan, Zaragozan, Segovian, Madrilen eta Sevillan ere egin dituzte atxiloketak.

Atxilo hartutako gehienak oso gazteak dira (gehienek 20 urte inguru dituzte, eta identifikatutako batek, 16). Sevillan atxilotutako bat —21 urte— umeen futbol entrenatzailea zen. Gipuzkoan atzemandakoa —24 urte— aurrekariak zituen antzeko delituengatik. Sevillan atxilotutako bestea —27 urtekoa— espetxean zegoen indarkeria matxistagatik, eta, erratuta, artxibo pedofiloak bidali zizkion bikotekidearengatik urruntzeko agindua aztertu behar zutenei.

Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez, ikerketak AEBko HIS taldeak helarazitako informazio bat izan zuen abiapuntu. Horren arabera, haur pornografia Internet bidez bidaltzen zioten hainbat pertsona atzeman zituzten.

Espainiako agenteek informazioa egiaztatu eta ustezko pedofiloak identifikatu zituzten. Ondoren, euren etxebizitzak miatu zituzten, eta ehunka artxibo eskuratu.

Atxiloketak zazpi probintziatan

Segovian, 25 urteko gizaseme bat atxilotu dute. Antza, senitartekoen etxeetako ordenagailuak erabiltzen zituen artxiboak trukatzeko. Horren ondorioz, delituokin zerikusirik ez zuten pertsonak ikerketapean izan ditu Poliziak.

Sevillan, bi gizon atxilotu dituzte: 21 urtekoak milaka artxibo pedofilo zituen, eta umeen futbol entrenatzailea zen. Bestea kartzelan zegoen indarkeria matxistagatik, eta erratuta, bere zigorra berrikusi behar zuten pertsonei bidali zizkien artxibo ugari, erratuta.

Gipuzkoan, 24 urteko gizonezko bat atxilotu dute. Aurrekariak zituen antzeko delituengatik, baina ekintzok egiten jarraitzen zuen.

Madrilen atxilotutakoak 25 urte ditu. 10-12 urteko neskatoen bideoak zabaltzen ei zituen bat-bateko mezularitzaren eta Interneteko txaten bidez.

Zaragozan, 66 urteko gizon bat atxilotu dute; "neska txikien" artxibo asko zituen etxean.

Azkenik, Europolen eta Norvegiako eta Espainiako polizien lankidetzari esker, 16 urteko norvegiar bat identifikatu eta inputatu dute. Espainiako Estatuan egindako egonaldi batean egin zituen delituak, baina atzerriko herrialde bateko bizilaguna denez ez zutela harrapatuko uste zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Delituak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Internet