Gizartea -
Donostian
Indarkeria mota desberdinen biktimen topaketa egingo du Foro Sozial Iraunkorrak
Jardunaldia otsailaren 23an izango da Miramar Jauregian, elkar entzuteko, elkarri bizi izandako esperientziak kontatzeko eta etorkizuneko erronkez gogoeta egiteko helburuarekin.
eitb.eus
Foro Sozial Iraunkorrak topaketa egingo du Donostiako Miramar Jauregian, otsailaren 23an. Euskal gatazka delakoan hainbat indarkeria motaren biktimen lekukotzak ezagutarazteko balioko du topaketak.
Agus Hernan eta Aitzpea Leizaolak prentsaurrekoa eman dute asteazken honetan, 'Entzun, bizikidetza eraikitzeko' izenburupean egingo duten topaketa aurkezteko.
Helburua, jatorri ezberdineko indarkerien eraginez giza eskubideen urraketa pairatu duten biktima mota ezberdinek elkartzeko aukera izatea da, "elkar entzuteko, bizi izandako esperientziak elkarri kontatzeko eta etorkizuneko erronkez gogoeta egiteko".
Foro Sozial Iraunkorraren jardunaldiak bi mahai-inguru izango ditu. Lehenbizikoan, Maria Jauregik, ETAren biktima izan zen Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alabak, eta Peru Del Hoyok, berriki kartzelan hildako Kepa del Hoyo presoaren semeak, parte hartuko dute.
Bigarren mahai-inguruan, berriz, euskal gatazka delakoan arrazoi politikoak tarteko sufrimendua pairatu duten pertsonak egongo dira. "Gure aburuz kontuan hartu eta adierazi beharrekoak dira, ez errepikatzeko bermeen bidez, aipatutako gatazka behin betiko gaindi dadin", esan dute. Hauek izango dira hizlariak: Arritxu Marañon Zumaiako Udaleko zinegotzi sozialista, urte luzez bizkartzainekin bizi izan dena; Jone Artola preso baten senitartekoa, urrunketa eta sakabanaketa politikaren eragin gordinak ezagutzen dituena; Pablo Martinez espetxe-funtzionarioa; eta Isidro Murga 18/98 makrosumarioan auzipetutua, Egin egunkariko Administrazio Kontseiluko kide izateagatik.
Foro Sozial Iraunkorrak lehenago ere antolatu izan ditu antzeko dinamikak Iruñan, Gasteizen, Bartzelonan eta Bilbon, arrakasta handiz gainera. Parte-hartzea erabat irekia izango da, eta ateak irekita egongo dira bertaratu nahi duten guztientzat.
"Une zai baten antolatu dugu ekimen hau, Eusko Legebiltzarreko Talde Txostengilearen baitan kezkatzen gaituzten gaiek azken asteetan bizi duten blokeoa dela medio: memoriak eta bizikidetzaren eraikuntzak", adierazi dute.
Horregatik, gaur alderdi politikoei dei egin diete Foro Sozial Iraunkorraren izenean, "gizarteak eskatzen duen adostasun eta kontsentsu guneak bilatzeko ahalegina egin dezaten".
"Euskal gizarteari eta nafarrari dagokio etorkizuneko bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ardura: gizarte-sektoreei, herri-ekimenei, eta baita ordezkari politikoei ere. Ezin dugu onartu aurreko legealdian bizi izan genuen blokeo-egoerara edo antzeko batera bueltatzea. Gure gizarteak ez luke ulertuko gisa horretako atzerapausoa", esan dute.
Gainera, estamentu ofizialetatik sortutako indarkeria pairatu duten biktimek esperoan jarraitzen dutela esan dute, "haien onarpen ofiziala ekarriko luketen lege berrien tramitazioaren zain. Horrek ere berdin-berdin kezkatzen gaitu", gaineratu dute.
"Jakin ondo dakigu maila instituzionalean garrantzitsua eta korapilatsua dela indarkeria polizialaren, gerra zikinaren eta eskuin-muturraren biktimak aitortzeko aurrerapausoak ematea. Ez bakarrik gatazka ukatzen duten sektoreen errelatoa haustea lortzen dutelako, baizik eta egia poliedrikoa marrazteko lagungarri direlako, egia askoz errealagoa marrazten laguntzen dutelako. Euskal gizarteak zein nafarrak pairatutako esperientziei lotuagoa den egia, indarkeriak askotarikoak, konplexuak eta eragile ezberdinek eragindakoak izan direla agerian uzten duen egia", azaldu dute.
Biktimen legea
Biktimak aitortzeko lege batek, Foro Sozialaren aburuz, orain arte gizartearen sektore zabal batzuen artean ezezagunak izan diren errealitateak ezagutzeko eta ezagutarazteko balio beharko luke. Ildo horretan, "balio beharko luke bermatzeko ez dela berriro antzeko ezer errepikatuko. Baina, horrez gain, balio beharko luke urte luzez baztertuta sentitu diren pertsonak sendatzeko", azaldu dute.
Horrenbestez, Foro Sozial Iraunkorrean indarkeria mota ezberdinen arteko bereizketarik egiten ez dutela, eta biktimen arteko hierarkiarik ezartzen ez dutela azpimarratu dute. "Sufrimendu guztiak ezberdinak dira eta kudeaketa oso kontu pertsonala da, baina guztiak dira sufrimendu", adierazi dute.
Beraz, "gure ustez bada marra gorri bat guztiok errespetatu beharko genukeena, bai gizarte zibilak eta bai erakundeek: giza-eskubide urraketa berdinek aitortza eta erreparazio maila berdina behar dute. Ezin da biktimen arteko diskriminaziorik onartu", gaineratu dute.