Gizartea -
Eguraldia
Udaberriko giroa, otsailean
Eguzkia eta tenperatura atseginak izango ditugu nagusi, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera.
eitb.eus
Eguzkiz jositako Euskadiko mapa. Horratx Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren webgunean sartuta lehen begi-kolpean ikusiko duguna. Eta ez da akatsa, ez. Otsailaren erdialdean gauden arren, egonkortasuna da nagusi, eta horrek udaberriko giroa utzi digu.
Iragarpenaren arabera, ahulduta iritsiko den fronte txiki batek hodeiak ekarriko ditu gaur, astelehena. Dena den, giro lasaia izango dugu protagonista. Goizean, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak tartekatuko dira; arratsaldeak aurrera egin ahala, baina, giroa goibelduz joango da, eta baliteke egun amaieran euri pixka bat egitea mendebaldeko zenbait txokotan. Hego-haizea ibiliko da goizean, baina indarra galduko du eta iparraldera aldatuko da arratsaldean. Tenperatura maximoak atzokoak baino 2-4 ºC baxuagoak izango dira, 13-17 ºC-rainokoak.
Hodei ugarirekin hasiko dugu asteartea, batez ere mendebaldean, eta baliteke goizaldean eta goizeko lehen orduetan euri pixka bat egitea bertan. Eguerdi ingururako, hodeitza saretuz joango da, eta zerua hodei gutxirekin geratuko da arratsaldetik aurrera. Haizea aldakor eta ahul ibiliko da, eta ekialdekoa finkatuko da arratsaldean. Tenperaturari dagokionez, ez da aldaketa handirik espero.
Udaberriko giroa espero dugu asteazkenean. Zeruan urdina izango da nagusi, goi-hodei batzuekin. Dena den, lehen orduetan, lainoa sortuko da hainbat ibarretan. Hegoaldeko haizea ibiliko da, eta brisa sartuko da arratsaldean kostaldean. Tenperatura beroenek gora egingo dute, baina minimoak hotzak izango dira barnealdean, eta izotza egin dezake Arabako toki batzuetan.
Joeraren arabera, giro atsegin horrekin jarraituko dugu ostegunean eta ostiralean ere.