Gizartea -

Vatikanoan

Aurrekaririk gabeko pederastiaren kontrako gailurra abian, Vatikanoan

Mundu osoko gotzainak Erroman bilduko dira lau egunez Eliza katolikoaren baitan milaka adingaberi egin dizkieten sexu abusuen inguruan hitz egiteko.

Frantzisko aita santua, Vatikanoan, otoitz egiten. Argazkia: @franciscus
Frantzisko aita santua otoitz egiten Vatikanoan.
Frantzisko aita santua, Vatikanoan, otoitz egiten. Argazkia: @franciscus

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurrekaririk gabeko gailurra bati ekin dio gaur Eliza katolikoak. Aita santua buru dutela, mundu osoko gotzainak —Ricardo Blazquez Espainiakoa tartean— Vatikanoan bildu dira erlijiosoek adingabeei egindako sexu abusuen kasuen eskandalua aztertzeko.

Frantzisko aita santuak abusuak saihesteko eta ezkutatzen ez jarraitzeko protokolo komun bat ezarri nahi du mundu osoan. Biktimen elkarteen arabera, 50.000 eta 100.000 adingabe artean izan daitezke mundu osoan erlijiosoen tratu txar fisiko edota sexualak jasan dituztenak. Espainiako Estatuan ez dago biktima kopuruen datu ofizialik.

Lau egunez, gaurtik igandera, egingo dituzte lan saioak, eta Frantzisko aita santuak denetan hartuko omen du parte. 160 parte-hartzaileetako 12 emakumeak izango dira —10, mojen ordezkari, eta Vatikanoko bi emakumezko funtzionario—. Biktima batzuek euren testigantzak kontatuko dituzte.

Milaka abusu kasu izan dira, eta gehienak ezkutatzen saiatu da Elizako hierarkia, Bostonen (AEB), Irlanda, Ballarat (Australia) edota Txilen, besteak beste.

Hans Zollner apaiz eta gailurraren antolatzaileetako batek azaldu duenez, elizkoien artean "etsipen handia" sortu dute Theodore McCarrick AEBko kardinal ohiaren kontrako salaketek edota Pennsylvaniako Auzitegi Gorenaren txostenak. Azken horren arabera, 300 apaizek baino gehiagok abusuak egin zizkieten ehunka umeri. Alemaniako Eliza katolikoak egindako ikerketa ere aipatu du Zollnerrek. 1946 eta 2014. urteen artean, 3.677 kasu zenbatu dituzte.

Gotzainen eta biktimen arteko bilerak

Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaile ohi eta goi bilerako moderatzailearen hitzetan, "arraroa" litzateke gotzainen elkarteak arazoaren "larriaz" jabetu ez izana. "Auzi honi ematen diogun erantzuna Elizaren sinesgarritasunaren froga bat izango da", erantsi du.

Azpimarratu duenez, espero du gotzainak etxeko lanak eginda joatea gailurrera, alegia, biktimekin bilerak egin izana, horixe agindu zien-eta aita santuak.

Espainiako Gotzain Konferentziak bere garaian adierazi zuen ez zuela bileren berri emango, baina Luis Arguello Konferentziako idazkari nagusiak otsailaren hasieran aurreratu zuenez, "aurrez aurreko bilerak" izan dituzte hainbat biktimarekin. Dena dela, Miguel Hurtado Montserrat auziko (Montserrateko abadiako apaiz batek hainbat umeri egindako abusuen ingurukoa) lehen salatzaileak, esaterako, salatu du ez direla berarekin bildu, ezta biktima mediatikoenekin ere.

Protestak

Bestalde, Ending Clergy Abuse biktimen elkarteko 40 bat kide, tartean bi Estatu espainiarretik, Erromara joango dira euren kasuak ezagutzera eman eta protestak egitera.

Abusuen biktimek neurri zehatzak eskatu dizkiote Vatikanoari
Abusuen biktimek neurri zehatzak eskatu dizkiote Vatikanoari
Abusuen biktimek neurri zehatzak eskatu dizkiote Vatikanoari

1:15

Horien ustez, "goi bilera kosmetikoa da, lau egunetan ezingo baitute askorik konpondu. Aita santuak auzia serio hartuko balu, bizpahiru asteko sinodoa antolatuko zukeen".

Lau eguneko goi bilera adingabeen kontrako sexu abusuen ingurukoa izango da, baina saihestezina izango da mojek jasandako erasoez ere hitz egitea. Antolatzaileen hitzetan, "akordioa lortzen badugu, emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean Elizak duen jarreran ere ondorioak izango ditu, bereziki emakumezko erlijiosoen kasuan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Gizartea Aita santua Frantziskoren biografia Eguneko albisteak Albisteak Erroma Matxismoa Umeak Eraso sexualak gaur Sexu abusuak Elizan Eliza Katolikoa albisteak