Gizartea -
Lege dekretu berria
Nafarroako kiroldegi, eskola eta lantegi handiek desfibriladorea eduki beharko dute
Nafarroako Gobernuak lege dekretua onartu du eta derrigorrezko egin ditu mota horretako gailuak espazio publikoetan.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako espazio publikoek desfibriladore bat eduki beharko dute aurrerantzean, Foru Gobernuak gaur onartu duen lege dekretu baten arabera.
Hori dela eta, 500 pertsonarentzako tokia duten kiroldegiek, 700 ikasletik gorako eskolek edota lantegi handiek (700 behargin baino gehiagokoek) horrelako gailu bat izan beharko dute eskuragarri.
Horrez gain, honakoek ere izan beharko dute desfibriladorea: 2.000 metro koadro baino gehiagoko merkataritza-guneek, aireportuek, 10.000 biztanle baino gehiagoko herrietako tren eta autobus geltokiek eta udaltzainen, foruzainen eta aguazilen patruilek.
Luis Gabilondo Osasun zuzendari nagusiak prentsaurrekoan azaldu duenez, dekretu berriak (aurrekoa 2011koa zen) "berme sistemak ezartzea" du helburu. Gaur egun, 500 bat desfibriladore daude Nafarroan. Gabilondoren hitzetan, "oso modu heterogeneoan daude banatuta eta batzuetan ez dira arrazionaltasuna eta eraginkortasuna bermatzen".
Erabilera publikoko desfibriladoreak diru publikoz ordainduko dituztela iragarri du Osasun zuzendariak, baina ez dago aurreikusita espazio pribatuetan ezarri beharrekoak diruz laguntzea.