Gizartea -

Ikerketa saria 2010

EHUko ikertzaileek aurrerapausoa egin dute alzheimerraren tratamenduan

EHUko ikertzaileek garatutako sistemak kapsuletan sartutako zelulak erabiltzen ditu tratamenduaren terapia aurreratu legez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUko ikertzaileek Farmazia Industriala eta Galenikoaren Espainiako Elkartearen SEFIG 2010 saria jaso dute, alzheimerraren tratamenduan aurrerapenak lortu dituen lanarengatik.

Unibertsitatetik esan duten arabera, lana Gasteizko Farmazia Fakultateko NanoBioCel taldeko kideek egin dute: Rosa Hernandez, Gorka Orive eta Jose Luis Pedraz irakasleek eta Aitziber Portero doktoregaiak, hain zuzen.

SEFIGek inpaktu indize handia duten aldizkari zientifikoetan aireratu diren eta ondorio inportanteak erakutsi dituzten lanak bakarrik saritzen ditu. Saritutako lana CIBER-BBN zentroko kide ere badiren ikertzaile batzuek egin dute, "The effect of encapsulated VEGF-secreting cells on brain amyloid load and behavioural impairment in mouse model of Alzheimers disease" izenburua du, eta Biomaterials aldizkari ospetsuan (7,4ko inpaktu indizea du) publikatu dute.

Ikerketa lan honen emaitzek Alzheimerren gaixotasunari aurre egiteko bide berriak ireki dituzte. Gaur egun ez dago tratamendu eraginkorrik gaixoetan eragiten duen narriadura kognitiboa geldiarazteko.

"Azken urteotan alzheimerraren eta zenbait azaldura baskularren arteko loturak aurkitu dituzte. Interakzio horiek ikerketa lanak tratamendu berri bat proposatzea eragin dute: VEGF, endotelio baskularraren hazkunde faktorea, sortzeko genetikoki eraldatutako zelulen erabilera". Ikertzaileek azpimarratu dutenez, "substantzia hori nahikoa ezaguna da eragin angiogenikoa baitu, baina maila neurologikoan ere potentzial handia du".

Gaixotasunaren zantzuak dituzten sagu transgenikoekin lortutako emaitzek argi erakutsi dutenez, beta-amiloide plakak eta haril neurofibrilarrak nabarmen murriztu dira horrela. Horrez gain, jokaera aztertzeko probak egin dituzte eta proposatutako terapia hori hartu duten animaliek hobera egin dute nabarmen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea