Gizartea -
HILKETA LLANESEN
Llanesko hilketagatik Bizkaian atxilotutako hirurak espetxera bidali ditu epaileak
Ostegun gauean argitaratutako autoan, behin-behinean eta bermerik gabe, hiru atxilotuak espetxeratzea agindu du epaileak, hilketa delitua leporatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier Ardines Llanesko IUko zinegotziaren hilketarekin zerikusia dutelakoan Bizkaian atxilotutako hiru gizonak behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak.
Llanesko Instrukzio Epaitegiko epaileak ostegun gauean argitaratutako autoan, hilketa delitua leporatzen die Bizkaian atxilotutako hirurei. Hori dela eta, bermerik gabeko behin-behineko espetxealdi komunikatua ezarri die.
Iturri judizialek jakinarazi dutenez, ustez hilketa gauzatu zuenetako batek -bigarrena Suitzan dago estradizioaren zain- "prestaketan zein hilketan izandako parte-hartze aktiboa" onartu du.
Hilketaren ustezko eragileak, ostera, sei minutuko deklarazio laburra egin du eta uko egin dio galderi erantzuteari. Ez du onartu Llanesko zinegotziaren hilketa enkargatu izana. Bien bitartean, ustez bi sikarioekin bitartekari lanak egin zituenak deklaratzeari uko egin dio.
Laugarren atxilotua Suitzan dago eta bertan espetxealdia betetzen ari da indarrez egindako lapurreta bat tarteko. Estradizio eskaera egin dute jada eta litekeena da hiru hilabeteko tartean espainiaratzea.
Bestalde, instrukzioa daraman epaileak sumarioaren gaineko sekretua altxatzea erabaki du. Ikerketaren arabera, Llanesko hilketaren ustezko eragileak bi sikario ez profesional kontratatu ei zituen laugarren gizon baten laguntzarekin.