Gizartea -

Emakumeen greba

M8a: Argitu hemen greba feministari buruzko zalantza guztiak

Zeintzuk dira helburuak? Nola egin dezaket bat? Nortzuk dira deitzaileak? Gizonek ere greba egin dezakete?

2018ko martxoaren 8ko mobilizazioa Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
2018ko martxoaren 8ko mobilizazioa Donostian
2018ko martxoaren 8ko mobilizazioa Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko martxoaren 8ko greba feministaren inguruko zalantzak argitzeko gida.

Zer da greba feminista eta zeintzuk dira helburuak?

Mugimendu feministak lan guztiak egiteari uzteko eta kaleak hartzeko deia egiten die emakumeei*, sistema hetero-patriarkatu-kapitalista salatzeko.

(Mugimendu feministak asteriskoa erabiltzen du heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuak izendatzeko: emakumeak, bollerak eta transak)

Greba feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan.

Horregatik, greba bost ardatzetan antolatu dute: enplegua, ikasleak, pentsionistak, zaintza eta kontsumoa.

2019ko grebak zaintza lanak ikusarazi nahi ditu bereziki: etxekoak, zaintza lan ordainduak, ordaindu gabekoak eta sistema publikoak kudeatzen dituenak.

Mugimendu feministak zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen du, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila, pertsonen zaintza ez dadila zapaldutakoen eskubideen bizkar geratu. Horretarako, instituzioek eta gizonek zaintza lanen ardura beren gain hartzea eskatzen du. Baina, horrez gain, muinetik hainbat aldaketa egitea aldarrikatzen du: balioetan, harreman pertsonal eta komunitarioetan, bikote eta familia ereduetan, eguneroko praxietan, produkzio moldeetan, politikapublikoetan eta lurralde-antolamenduan.

Bestalde, mugimendu feministak agerian utzi nahi du emakumerik gabe herrialdea gelditu egingo litzatekeela. Hori dela eta, grebara deitzen du, sistemarekiko haustura eragiteko eta paktu sozial berri bat eskatzeko.

Lanuztea ala 24 orduko greba

Iaz ez bezala (txandako bi edo lau orduko lanuzteak deitu zituzten sindikatu gehienek), egun osoko greba deitzearen alde egin du gehiengo sindikalak. Dena dela, CCOOk eta UGTk txandako bi orduko lanuzteei eutsi diete, sektore feminizatuetan ordu kopurua handitzeko aukera ematen badute ere. USOk bi orduko lanuzteak deitu ditu.

Nork egiten du greba deialdia?

Greba Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitzen du. Mugimenduak hiri eta herrietan deitutako mobilizazioetan parte-hartzea bultzatzeko eskatzen du, ez beste eragile batzuek deitu dezaketen ekimenetan. Modu berean, greba feminista dinamikaren irudi eta aldarrikapenak erabiltzera deitzen du, sindikatu, alderdi edo beste edozein erakunderen sigla eta koloreen protagonismoa alde batera utzita.

Emakumea naiz, nola egin dezaket bat grebarekin?

Mugimendu feministak honako jarraibideak partekatu ditu:

- Lantoki eta ikasgeletan lanuzteetara batu.

- Herri eta hirietako mobilizazioetara joan. Bi hitzordu nagusi: 12:00etan eta 19:00etan, hiriburuetan.

- Zaintza lanak albo batera utzi eta hori irudikatzeko amantala balkoian eskegi.

- Kontsumitzeari utzi (emakumeak* komertzio edo tabernetan kontsumitu gabe egoteko gune autogestionatuak sortu daitezke, kalean zein lokaletan).

- Greba zabaldu eta zure eskualdean antolaketan parte hartu.

- Edonon zaudela, besoko morea eta txapa jantzi, grebarekin bat egiten duzula adierazteko.

Deitutako mobilizazioak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak ekintza eta mobilizazio ugari prestatu ditu martxoaren 8rako. Manifestazio nazionalak —Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan— arratsalderako (19:00etan lehenengo lauretan, eta 18:30ean, Baionan) daude deituta. 12:00etan eskualdeko herri nagusietan eta hiriburuetan mobilizazioak egingo dituzte.

Kontsulta itzazu Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Iparraldeko eta Nafarroako ekitaldi eta manifestazio guztiak.

Gizona naiz, greba egin dezaket?

Mugimendu feministak greba babestu nahi duten gizonei ondorengoa eskatzen die: soldatapeko lana uztea norberaren eginkizunetarako egunak erabiliaz eta, negozio propioa izanez gero, ateak itxiz. Halaber, gizonak etxeko eta zaintza lanez arduratzera deitzen ditu.

Hona hemen martxoaren 8an etxeko eta zaintza lanez arduratzeko eta greba bultzatzeko gizonentzako gida:

- Aita bazara, seme-alabak zaindu, eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan...).

- Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.

- Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago, eta emakume batek eman ohi badizkio, egun aproposa da zu zeu hori egiten hasteko.

- Lankidea bazara, zeure burua eskaini emakume lankide baten lana egiteko edota zerbitzu minimo izateko. Gainera, egun horretako soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, eta lantokian erresistentzia kutxa antolatu edo horrekin kolaboratu.

- Enpresako nagusia bazara, enpresa itxi eta, beharrezkoa bada, zaintza kolektiborako espazioa irekitzea ahalbidetu.

- Ikaskidea bazara, erakutsi babesa deialdiari eta grebarekin bat egingo duten emakume ikaskideei, eta eskolak zaintza komunitariorako espazio bilakatu.

- Zeure burua eskaini M8rako antolatzen diren bazkari herrikoi eta abarretan lan egiteko.

- Zure inguruko norbait zaintzeko soldatapeko emakume bat badago (haur, adindun, bizilagun eta abar), zeure burua eskaini egun horretan lan egiteko.

- Ez kontsumitu, egin bat kontsumo grebarekin.

- Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.

- Mobilizazio batera bazoaz (aurreko puntuetan emakume batek zure laguntza behar izan ez badu), entzun, ez izan protagonista eta ez eman agindurik. Emakumeak dira protagonistak.

- Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.

2019ko greba feministari buruzko dosierra, osorik, hemen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Tratu txarrak gaur Grebak Gizartea albisteak Albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako laguntza Matxismoa Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Martxoak 8