Gizartea -
Emakunderen arabera
Tratu txarrak jaso dituzten emakumeek ez dute lehentasunik Osakidetzan
Emakundek Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako txostenaren ondorioetako bat da. Erakundearen arabera, genero indarkeriaren biktimen seme-alabak batzuetan "seinalatu" egiten dituzte.
Erredakzioa
Emakundek "Erakundeen erantzuna EAEn etxeko tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen harrera beharrei buruz" izeneko txostena aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Horren arabera, genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei ez zaie lehentasunezko traturik ematen Osakidetzan. Gainera, batzuetan "zaila da beste udalerri batera joan behar izan duten emakumeei arreta espezializatua eskaintzea".
Hezkuntza arloan, berriz, horien seme-alaba adingabeak "seinalatu egiten dituzte, eta ez dute gainerako ikasleen tratu bera jasotzen". Izan ere, Emakunderen esanetan, "aurreiritzi eta estereotipo batzuk sumatu omen daitezke".
Emakume horiek lan-munduan eta gizartean integratzeari dagokionez, “helburu zailenetako bat da lortzen”, esan du Emakunderen zuzendariak, Maria Silvestrek. Honen ustez, Lanbide “aukera bat da gaur egun” emakume horiek integratzen saiatzeko.
Txostenaren arabera, “oro har, koordinazio maila ona dago tratu txarren biktima izan diren emakumeak artatzen dituzten eragileen artean”, Silvestrek nabarmendu duenez, baina, hala ere, “osasun, justizia eta hezkuntza sistemetan, kasu askotan, etxeko indarkeriaren biktimak artatzeko ekintzak eta koordinazioa ez daude instituzionalizatuta, eta koordinazioaren maila parte hartzen duen profesionalaren araberakoa da”, gaineratu du.