Gizartea -

Ezbeharra

Guardia Zibilak bi euskal eskiatzaile erreskatatu ditu Valdezcaray inguruan

37 eta 20 urteko bi gizon dira Valdezcarayn erreskatatutako lagunak, bata Barakaldokoa eta bestea Hondarribikoa. Lehenak hainbat kolpe eta lesio traumatikoak zituen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Errioxan duen mendiko salbamenduetarako taldeak, EAEko agenteen laguntzarekin, bi euskal eskiatzaile erreskatatu zituen igandean Valdezcaray inguruan.

37 eta 20 urteko bi gizon dira Valdezcarayn erreskatatutako lagunak, bata Barakaldokoa eta bestea Hondarribikoa, Guardia Zibilak jakitera eman duenez.

Lehenengo erreskatea 12:12an izan zen. Ordu horretan, Los Tubosetik behera zihoan gizon bat erori zela ohartu ziren eski pistak zaintzen ari ziren zenbait agente.

Ezbeharra gertatu zen lekura joan ziren berehala, eta bertan aurkitu zuten gizona, hainbat kolpe, lesio traumatikoak eta buruan zenbait zauri zituela.

Zauriak ikusita, helikopteroz eraman zuten Logroñoko San Pedro ospitalera.

Bigarren erreskatea

Bigarren erreskatea 15:30ean izan zen. Eski estazioko arduradunen deia jaso zuen, orduan, mendiko salbamenduetarako taldeak. Dirudienez, izotz plaka batean blokeatuta geratu zen eskiatzailea, snowboarda egiten ari zela.

Pioletak eta kranpoiak baliatu zituzten guardia zibilek gaztearengana iristeko, mendi hegalaren egoera kaskarra zela eta. Eskiatzailea, baina, onik aurkitu zuten. Halere, gaztea ez zen oinez itzultzeko gai izan, mendian eskarmentu gutxi baitzeukan. Helikopteroz eraman zuten, beraz, eski estazioko aparkalekuraino, eta handik oinez egin zuen etxerako bidea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Hondarribia Eskia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak