Gizartea -
Ebazpena
Herri-epaimahaiak errudun jo du Gasteizen emakume bat hil zuen gizona
Epaiketan, auzipetuak onartu egin zuen 60 urteko emakumea kolpeka hil eta txikitu egin zuela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Herri-epaimahaiak erruduntzat jo du Gasteizen emakume bat hiltzeagatik auzipetutako gizona.
Gertakariak 2016ko ekainean jazo ziren. Hiltzailea eta biktima bizilagunak ziren. Etxean eztabaida izan zuten, eta gizonak, "bere onetik aterata", emakumea kolpeka hil eta txikitu egin zuen. Herri-epaimahaiaren arabera, nahita egin zuela frogatu da epaiketan.
Arabako Lurralde Auzitegian egindako epaiketan, gizonak esan zuen "beldurragatik" eta egindakoa ezkutatzeko asmoz erabaki zuela hilotza txikitzea eta gorpuzkiak Zadorra ibaira botatzea.
Herri-epaimahaiko bederatzi kideek aho batez hartu dute erabakia. Emakumeari ezustean egin zioela eraso eta honek ez zuela defendatzeko aukerarik izan ondorioztatu dute. Hori dela eta, nahita hil zuela azpimarratu dute.
Atxilotu zutenean nahiz epaiketan egindakoa aitortu zuela eta, aringarria ezarri diote. Alabaina, ez dute kontutan hartu buruko arazoak dituela.
Gauzak horrela, Fiskaltzak 17 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du gizonarentzat; defentsak, berriz, 15 urteko espetxealdia galdegin du.
Horrez gain, 200.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die biktimaren bi semeei. Fiskaltzak egin du eskaera eta auzipetuaren abokatuak onartu egin du.
Herri-epaimahaiak erabakia hartuta, Jaime Tapia magistratuak datozen egunetan emango du epaia.