Gizartea -
INAUTERIAK
Mozorroa aukeratzerakoan segurtasunak duen garrantzia azpimarratu du Kontsumobidek
Kontsumoko Euskal Institutuaren esanetan, ezinbestekoa da mozorroek araudia betetzen dutela egiaztatzea.
EITB.EUS
2019ko inauterien hasieraren bezperan, Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak segurtasunaren garrantzia azpimarratu du mozorroa aukeratzeko garaian. Nora Abete Kontsumobideko zuzendariaren esanetan, garrantzitsua da oinarrizko araudia ezagutzea eta mozorroa segurua dela ziurtatzea.
Hedabideetara bidalitako prentsa-ohar batean, mozorroek araudia betetzen dutela egiaztatzearen premia nabarmendu du: "Egiaztatu behar dugu suaren kontrakoak direla edo nekez har dezaketela sua, irents daitezkeen zati txikiak edo zati zorrotzak ez dituztela, eta itotzea eragin dezaketen lepoaldeko sokak edo kordoiak ez dituztela".
Mozorroak adin-tarteen arabera sailkatzen dira, eta Kontsumobidek ohartarazpen zehatzak egiaztatzea aholkatu du, "bereziki, 36 hilabetetik beherako adingabeei zuzendutakoak".
14 urtetik beherako eta 12 hilabetetik gorako pertsona batentzako mozorroak Europako EE (CE) marka erakutsi behar du etiketetan, adin-tartea adierazi behar du eta jarraibide espezifikoak eduki behar ditu.
Bestalde, mozorroa erosteko aukeratzen den denda, fisikoa zein birtuala izan, konfiantzazkoa dela egiaztatzea eta fakturak eta frogagiriak gordetzea gomendatu du Kontsumobidek.