Gizartea -
Gipuzkoako azpiegiturak
Andoaingo saihesbidea zabaldu dute
Urumeako autobia eta N-I errepidea zuzenean lotzen ditu saihesbide berriak, Bazkardoko loturaren bidez.
Erredakzioa
Andoaingo (Gipuzkoa) saihesbidea zabaldu dute gaur. Urumeako Autobia N-I errepidearekin lotzeko eraikitzeke geratzen zen azken tartea da. Andoaingo hirigunetik egunero pasatzen diren 13.000 ibilgailuen % 75ek azpiegitura berria erabiltzea espero dute.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Rafaela Romero Batzar Nagusietako presidentea, Estanis Amutxastegi Andoaingo alkatea eta Mikel Izagirre Urnietako alkatea inaugurazioan izan dira gaur. Errepide tarteak 2,2 kilometroko luzera du.
Horrela, Gipuzkoako "biribilgunea", errepide berrien sarea, osatzeko orduan pauso erabakigarria eman du Aldundiak.
Bazkardoko lotura
Urumeako autobia eta N-I errepidea zuzenean lotzen ditu saihesbide berriak, Bazkardoko loturaren bidez. Horrela, Donostia eta Andoain lotzen dituen errepide alternatiboa amaitu dute, azken tarte hori zabaldu eta gero.
Hernaniko saihesbidea bitan banatzen dutenean (egun obretan daude) "biribilgunea" bukatu egingo dute eta 30.000 ibilgailu baino gehiago N-I errepidetik aterako dituzte egunero Bazkardoko tartean.
Saihesbideak andoaindarren eguneroko bizitzan aldaketa ekarriko du, Urnietan, Astigarragan, Martutenen eta Loiolan aurretik gertatu bezalaxe.