Gizartea -

Berdintasuna

Jaurlaritzak soldata arrakalaren aurkako klausulak jarri ditu kontratazio publikoetan

Besteak beste, honakoak hartuko dituzte kontuan: ardura postuetan % 50 emakumezkoak izatea eta sexu-jazarpenaren kontrako protokoloak edukitzea.

Bi behargin, bata emakumezkoa eta bestea gizonezkoa, lanean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Bi behargin, bata emakumezkoa eta bestea gizonezkoa, lantegi batean.
Jaurlaritzak soldata arrakalaren aurkako urratsa eman du

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak soldata arrakalaren kontrako neurriak jasotzen dituen instrukzioa onartu du gaur. Hala, kontratazio publikoak egiteko orduan, hainbat irizpide edo klausula ezarriko zaizkie kontratatu beharreko enpresei. Hala nola, ardura postuetan % 50 emakumezkoak dituzten enpresak lehenetsiko dira.

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak instrukzioaren nondik norakoak azaldu ditu prentsaurrekoan, gobernu bileraren ondotik egindako agerraldian.

Horren hitzetan, instrukzioak Administrazio Orokorrari eta sektore publikoko erakundeei eragingo die.

Kontratazio organoek emakumeen eta gizonen berdintasunerako irizpideak sartuko dituzte kontratazio pleguetan. Horien ponderazioa, gutxienez, baremo osoaren % 5ekoa izango da.

Aintzat hartuko dute kontratua eskaintzen den epealdi osoan, erantzukizuneko, gerentziako edo prestakuntza maila altuko postuetako kideen % 50 emakumezkoak direla bermatzea.

Bestalde, gizarte desabantaila egoeran dauden emakumeak kontratatzea bultzatuko da. Hau da, % 33ko edo hortik gorako urritasuna, diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo gutxieneko gizarteratze errentaren jasotzaileak, genero indarkeriaren biktimak edo lan merkatura sartzeko zailtasunak dituztenak.

Kontratatutako enpresek berdintasunari buruzko prestakuntzak ematea, sexu-jazarpena prebenitzeko protokoloak izatea, edota lana eta familia kontziliatzeko planak, telelanerako sistemak eta ordutegia malgutzeko moduak edukitzea.

Are, 120.000 eurotik gorako kontratua duten enpresek kontratatutako pertsonen zerrenda izenduna, sexuaren arabera bereizita, helarazi beharko diote administrazioari. Horrela, langile bakoitzaren kategoria profesionala eta oinarrizko soldata gehi osagarria ezagutu ahalko dute erakunde publikoek. Halaber, alta emanda dauden langileen txostena eta Kotizazio Datuen Txostena (KDT-IDC) ere bidali beharko dute enpresok.

Soldata arrakala, propio debekatuta

Azpiazuk azaldu duenez, kontratu publikoen administrazio klausulen pleguetan ezinbestean ezarri beharko da, esleipena jaso duten enpresetan emakumeen eta gizonen arteko ordainketa diskriminaziorik ez dagoela.

Josu Erkorekak Jaurlaritzako bozeramaileak erantsi du ordainketa diskriminazioa legez debekatuta dagoela, eta Lan Ikuskaritzari dagokiola horiek ikertzea eta zigortzea.

Soldata arrakala EAEn goranzko joeran, UGTren esanetan

Soldata arrakala EAEn goranzko joeran jarraitzen du, UGT Euskadi sindikatuak emakumearen lan egoeraren harira egindako txostenaren arabera.

Raul Arza UGT Euskadiko idazkari nagusiak astearte honetan aurkeztu ditu 2016ko datuekin alderatutako txostenaren emaitzak; horren arabera, EAEko emakumeek % 24,4 gutxiago kobratzen dute. 2015ean, aldiz, % 24,2koa zen sexuen arteko aldea.

UGT Euskadiko idazkari nagusiaren esanetan, kategorien araberako oinarrizko soldatan ez ezik, soldata-pizgarri eta osagarri zein erantzukizun karguak hartzeagatik ematen da, batik bat, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko soldata arrakala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa Soldatak albisteak gaur