Gizartea -

SUTEA NAFARROAN

Goizuetako sutea, itzalita; 100 hektarea baino gehiago kiskali ditu

Azken orduetan euria egin du, eta haizeak ere indarra galdu du. Suhiltzaileen lana erraztu du horrek.

Goizuetako sutea. Argazkia: @bomberos_na
Goizuetako sutea
Goizuetako suteari aurre egiteko aire bidezko laguntza eskatu du Nafarroak

0:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat orduz suaren kontra borrokan aritu ostean, Goizuetako Burugorrin bart piztutako sutea itzali dute suhiltzaileek. Suak 100 hektarea zuhaitz, larre eta sastraka baino gehiago kiskali ditu.

Azken orduetan euria egin du, eta haizeak ere indarra galdu du. Suhiltzaileen lana erraztu du horrek eta 21:00ak aldera sua erabat itzaltzea lortu dute. Beste sute batek iragan asteazkenean kiskalitako eremutik gertu piztu da sua.

Itxura guztien arabera, sua nahita eragindakoa izan da.

Nafarroako Gobernuak agiri batean azaldu duenez, egoerak nabarmen okerrera egin du goizean; izan ere, airezko baliabideek ezin izan dute lagundu haize ufada bortitzengatik.

Bi helikoptero eta ur-hegazkin bat bidaltzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, baina suari lurretik soilik aurre egin ahal izan diote, oso toki malkartsuan.

Azkenik, Oronozeko eta Cordovillako parkeetako suhiltzaileek eta Goizuetako boluntarioek, Nabaskozeko parkeko errefortzuen eta basozainen laguntzarekin, 400 metroko frontea kontrolatzea lortu dute.

Azken orduotako euria ezinbesteko laguntza izan da sua kontrolatu eta erabat itzaltzeko.

Dena den, suhiltzaile-talde bat gelditu da tokian, ingurunea zaintzeko eta hozte eta erremate lanak egiteko.

Bagordi, Bera, Sesma, Lesaka, Ziga eta Aiegi

Bestalde, Oronozeko suhiltzaileek, Baztango EPBRIFen laguntzarekin, beste sute bat kontrolatu dute Bagordin, N-121-B errepidearen ondoan.

Gainerako suteak goizean zehar itzali dituzte, besteak beste, aipagarriena Berako Kaule auzoan. Aurreko egunetan piztutakoak indarra hartu du bertan.

Asteartean 17:49 aldera itzali zuten Berako boluntarioek eta Oronozeko suhiltzaileek, Nafarroako Gobernuaren helikoptero baten eta basozainen laguntzarekin; baina 22:45 aldera itzuli behar izan ziren, sugarrek berriro indarra hartu zutelako.

Gainera, bart beste sute txiki batzuk izan ziren: Lesakako pilotalekutik hurbil sastrakadi batek su hartu zuen; Zigan, fronte bat baserri batera gerturatu zen; Baztanen sastrakek eta pinuek su hartu zuten landetxe batetik hurbil; Aiegin, Iratxeko Monasteriotik gertu; eta Sesman, zuhaitz lursail batek su hartu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Suteak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak Suhiltzaileak albisteak