Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Bi hilketa matxista, bata Malagan eta bestea Pontevedran
Poliziak biktimaren senarra atxilotu du Galizian, eta Malagako kasuan, hiltzaileak bere buruaz beste egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi hilketa matxista izan dira gaur, Pontevedran eta Malagan.
Malagako Estepona herrian gizon batek bere 58 urteko emaztea hil du labankatuta. Gizona, 55 urteko britaniarra, atxilotuta eta ospitaleratuta dago, bere burua zauritzeagatik.
Poliziak jakitera eman duenez, 23:45 aldera izan zen hilketa bikotea bizi zen etxean. Gizonak gorputzeko hainbat tokitan sastakatu zuen emakumea, euren adin txikiko semea aurrean zela.
Agenteek garbi dute genero indarkeria kasu bat dela, nahiz eta ez dagoen gizonaren aurka aurretiazko tratu txar salaketarik.
Bestalde, 46 urteko gizon batek bere emaztea hil du Valgan, Pontevedran, eta ondoren bere buruaz beste egin du, ikerketako lehenengo hipotesien arabera.
Krimena 15:00ak aldera izan da, bikotearen etxebizitzan. Bikotearekin batera emaztearen ahizpa bizi zen, eta bera izan da gorpuak aurkitu dituena.
Emakumeak tiro bat zuen bularrean, eta senarrak buruan. Hipotesi nagusia gizonak bere buruaz beste egin duela da.
Urtea hasi zenetik 11 emakume hil dituzte bikote edo bikotekide ohiek (12. kasu bat ikertzen ari dira).
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.