Gizartea -
ADINGABEEN ZENTROA
Zumarragako Ibaiondo zentrotik ihes egindako bigarren gazteetako bat atxilotu dute
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bere burua aurkeztu zuen, joan den ostiralean, Zabalburuko ertzain etxean. Hirugarrenaren bila jarraitzen dute, 17 urteko mutil bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentrotik duela hamar egun ihes egin zuten hiru gazteetako bigarrena, 19 urtekoa, atxilotu du Ertzaintzak, Bilbon. Segurtasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez, gazteak bere burua aurkeztu zuen, joan den ostiral gauean, Zabalburuko polizia etxean, eta bertan hartu zuten preso.
Sestaon atxilotu zuten lehendabizikoa, 18 urteko mutila, aurreko ostegunean. Orain, hiruetan adinez txikia den bakarraren bila jarraitzen dute.
Martxoaren 2an egin zuten ihes hiru gazteek Ibaiondo zentro itxitik, eta berehala eman zuen Bergarako Epaitegiak haiek atxilotzeko agindua, zigorra haustea egotzita.
Segurtasun Sailaren arabera, lapurreta delituengatik ari ziren Ibaiondo zentroan zigorra betetzen.
EAEn dauden adingabeen zentroetatik erregimen itxia duen bakarra da Zumarragakoa. Egun, 30 pertsona daude bertan, eta horietako gehienek dagoeneko 18 urte beteta dituzte. Izan ere, legearen arabera, zigorra betetzen ari diren bitartean hainbat baldintza betetzen badituzte, adin nagusitasunera iritsitakoan bertan jarraitzeko aukera ematen zaie gazteei.