Gizartea -
Unibertsitate Sistemaren Plana
Euskal unibertsitate sistema 2022ra arte antolatzeko plana onartu du Jaurlaritzak
Plan horren asmoa da unibertsitate guztientzat estrategia eta helburu bateratuak ezartzea. Guztira, 1.411 milioi euroko aurrekontua bideratuko dute unibertsitate sistema berriaren berrantolaketara
EiTB.EUS
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak egindako eskaeraren harira, Gobernu Kontseiluak 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Plana onartu du astearte honetan, Euskal Unibertsitate Sistema berritze aldera.
Horrekin, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako aurreikusitako plan estrategikoetako bat beteko du Hezkuntza Sailak. Esan bezala, "Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana" deituko diote egitasmo berriari. Orain artekoa "Unibertsitate Plana" izenarekin ezagutzen zen.
Plan horren asmoa da unibertsitate guztientzat estrategia eta helburu bateratuak ezartzea. Horretarako, unibertsitate bakoitzaren planak koordinatuko dituzte.
Guztira, 1.411 milioi euroko aurrekontua bideratuko dute unibertsitate sistema berriaren berrantolaketara, orain arte indarrean zegoen sistemara zuzendutakoa baino 124 milioi gehiago (+ % 9,6).
Plan berriak bost ardatz nagusi ditu: bikaintasun ikerketa, unibertsitatea eta enpresa, formakuntza eta metodologia berritzaileak, internazionalizazioa eta unibertsitate komunitatea. Bestalde, hiru erronka nagusi ditu: genero berdintasuna sustatzea (besteak beste, soldatak parekatuz), euskararen erabilera zabaltzea eta zuzentasuna bultzatzea. Aurretik aipatutako bost ildoak bat datoz Europa mailan ezarritako irizpideekin.
Bukatzeko, helburuen artean, nabarmentzeko modukoa da eredu dualean matrikulatutako ikasle kopurua laukoiztu nahi dutela, 1.750era heldu arte. Horrez gain, ikasketa zientifiko-teknikoak aukeratzen dituzten emakumeen portzentajea haztea nahi dute: % 32tik % 52ra, hain zuzen ere.