Gizartea -
DROGA OPERAZIOA
Espainiar estatuan antzemandako speed laborategi handiena desegin dute Nafarroan
Guztira, 14 pertsona atxilotu dituzte, horietako 6 Nafarroan eta 2 Araban.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroan, estatu espainiarrean speeda sortzeko inoiz antzemandako laborategi handiena desegin dute, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak jakinarazi duenez. Aipaturiko laborategiak 150 eta 200 kilo artean ekoizteko gaitasuna omen zuen.
Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak egindako operazioaren baitan, 14 pertsona atxilotu dituzte, horietatik 6 Nafarroan, 2 Araban, 2 Errioxan eta 4 Madrilen. Halaber, hogeitik gora miaketa egin dituzte: Nafarroan, 11; Araban, 4; Errioxan, 3 eta Madrilen, 2.
Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak jakinarazi duenez, ikerketa duela urtebete inguru abiatu zuten, Nafarroan eta Errioxan bi lagunek Herbehereetan substantzia batzuk erosi, Nafarroara eraman eta speeda ekoizten zutela jakin zutenean. Halaber, talde horrek Madrilen eta Gasteizen kontaktuak zituela egiaztatu zuten. Hain zuzen ere, bi hiri horietan kokaina banatzen zuten.
Laborategi nagusia Nafarroako herri txiki batean kokatuta zegoen. Dena den, ez dute herriaren izena jakinarazi nahi izan. Laborategian egindako miaketan, droga ekoizteko tresnak eta speeda egiteko 22,5 kilo anfetamina aurkitu zituzten. Gainerako miaketetan, ostera, 33 kg marihuana, bi marihuana plantazio eta 14.000 euro atzeman zituen, beste gauza batzuen artean, Poliziak.
Atzemandako droga eta laborategiaren ekoizpena aintzat hartuta, merkatuan bost milioi euroko balioa izango lukeela kalkulatu dute.