Gizartea -
Ikerketa
Euskaldunen genetika ez da apenas aldatu azken 3.000 urteetan, ikerketa baten arabera
Urria izan da duela 2.500 urtetik gaur arte Iberiar penintsulatik pasatu diren herrietatik jasotako eragina. Horrek azalduko luke zergatik den euskara gaur egun dagoen hizkuntza prerromaniko bakarra.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Inoiz egindako DNA ikerketa handienak erakusten du euskaldunen genetika apenas aldatu dela Burdin Arotik, duela 3.000 urte ingurutik.
Sciencek argitaratu duen ikerketa Harvard Medial Schooleko eta Eboluzio Biologikoaren Institutuko David Reich eta Carles Lalueza-Fox genetistek zuzendu dute, eta AEBko eta Europako 111 zientzialarik hartu dute parte horretan. Guztira, Iberiar penintsulako antzinako 403 genoma aztertu dituzte. Horrek esan nahi du Europako bilduma osatuenetakoa izan dutela esku artean.
Gainera, ikerketan erabili dituzten 271 genoma sekula aztertu gabekoak ziren, eta gehienak azken 4.000 urtetakoak, hots, orain arte oso gutxi aztertutako aro batekoak. DNA horri esker, inoiz argitaratu gabeko datuak lortu dituzte, Burdin Arotik Erdi Arora arteko informazioa jasotzen dutenak.
Ondorio nagusietako bat izan da Europa Ekialdeko estepetako artzainen eragin genetikoak indarra izan zuela euskaldunengan. Orain dela 4.000 edo 4.500 urte iritsi ziren. Beraz, orain arte pisua izan duten beste teoria batzuk "gezurtatu" dituzte azken datu horiek. Izan ere, duela gutxira arte uste zen ehiztari mesolitikoen edo Iberiar penintsulan bizi ziren nekazarien ondorengoak zirela euskaldunak.
Are gehiago, euskal herritarrek ez dute apenas gerora heldu ziren migrazioen eraginik izan; hala nola, punikoena, erromatarrena, greziarrena edo islamiarrena, ikerketa honek argitzen duenez.
Horrenbestez, ikertzaileek ondorioztatu dute duela 2.500 urtetik gaur arte Iberiar penintsulatik pasatu diren herrietatik jasotako eragina urria izan dela. Horrek azalduko luke zergatik den euskara gaur egun dagoen hizkuntza prerromaniko bakarra.