Gizartea -
Bizkaiko golkoa
Bizkaiko golkoan hondoratutako itsasontziak kezka eragin du kostaldean
Jaurlaritza gertutik ari da Bizkaiko golkoan gertatutakoa jarraitzen, baina oraingoz ez dirudi "marea beltza" euskal kostaldera iristeko arriskurik dagoenik.
EiTB.EUS
Hanburgo eta Casablanca arteko bidea egiten ari zen Italiako karga itsasontzi bat Frantziako kostatik 333 kilometrora hondoratu zen asteartean, igandean piztutako sutea itzaltzea lortu ez zelako.
Itsasoan eta elikagaien berrikuntzan adituak diren Azti zentroko arduradunek EiTBri jakinarazi diotenez, Eusko Jaurlaritza gertutik ari da gertatutakoa jarraitzen, nahiz eta, oraingoz, ez duen aurreikusi euskal kostaldera material kutsakorrik helduko denik.
Verballenas.com enpresa santurtziarrak, aldiz, ohartarazi du hondoratzeak "marea beltza" eragin duela Bizkaiko golkoan. Sare sozialen bidez jakitera eman duenez, Frantziako agintariak eta ornitologoak arduratuta daude, larunbatetik aurrera arazoak dituzten hegaztiak hel litezkeelako euskal hondartzetara.
"2.200 tona fuel eta material arriskutsua zabaldu ditu itsasontziak gure kostatik gertu", esan dute Facebooken.
Gainera, zehaztu dute une honetan bi orban handi daudela: 13,7 kilometro hartzen ditu batek eta 9,7 kilometro besteak. Horregatik, herritarrei laguntza eskatu diete. Hain zuzen ere, hondartzetan hegaztiak, itsas txakurrak edota izurdeak ikusiz gero 112 telefono zenbakira deitzeko aholkatu dute.
SOS Deiak-ek ere abisu bera eman du, Twitter bidez:
Grande America ontzian 27 lagun zihoazen. Guztiak onik atera zituzten kargaontzitik, astelehen goizaldean. 214 metroko luzera duen itsasontziak, ibilgailuak eta edukiontziak zeramatzan. Asko itsasora erori ziren, hondoratzea gertatu aurretik.
Sustapen Ministerioak kutsadura kostaldera heltzea ez du espero
Bestalde, deriba iragarpenen arabera, eta baldintza meteorologikoen datuak aztertuta, Sustapen Ministerioak kutsadura kostaldera heltzea ez du espero.
Ministerioak jakitera eman duenez, iragan ostegunetik Bizkaiko Golkoa Plana (Espainia eta Frantziaren arteko lankidetza egitasmoa, Atlantikoan ezbeharra dagoen kasuetarako) martxan dago.
Era berean, Merkataritza-nabigaziorako Zuzendaritza Nagusiak Itsas Plan Nazionalaren alerta fasea abiatu du, isuriaren jarraipena egiteko.
Frantziako Itsas Agintaritzak eskatuta, Alonso de Chaves Itsas Salbamenduko ontzia bidali du Espainiako Gobernuak, kutsaduraren aurka borroka egiteko materialarekin.
Ontzia datorren astelehenean iristea espero dute. Bestalde, Sasemar 103 hegazkinak behaketa hegaldi bat egingo du larunbat honetan.