Gizartea -

Vatikanoko biltzarraren ostean

Eskola katolikoek abusuen aurrean jarraitu beharreko protokoloa egin dute

Abusuak lehenbailehen jakinaraztea eta barne ikerketa abiatzea gomendatzen dute, besteak beste.

Deustuko Salestarretan 27 salaketa aurkeztu dituzte. Argazkia: Wikipedia
Deustuko (Bilbo) Salestarren eskola.
Deustuko Salestarretan 27 salaketa aurkeztu dituzte. Argazkia: Wikipedia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuko 2.000 bat ikastetxe —EAEko 130 eta Nafarroako 42— biltzen dituen elkarteak, Eskola Katolikoak izenekoak, balizko sexu-abusu eta tratu txarren kasuen aurrean jarraitu beharreko protokoloa prestatu du.

Luis Centeno Eskola Katolikoen idazkari nagusiaren ondokoak EFEri azaldu dionez, Frantzisko aita santuak Vatikanoan pederastiaren kontra egindako biltzarraren ondotik erabaki zuten protokoloa egitea.

"Otsailean izan zen biltzarra, eta Espainiako Gotzainen Konferentziak dokumentu osoago bat ateratzen duen bitartean, beharrezko eta egoki ikusi dugu protokolo hori argitaratzea. 2016tik eskola zuzendariei emandako aholkuen bilduma da", azaldu du Centenok.

Dekalogoak honako neurriak proposatzen ditu: tratu txar edo abusuen lekuko izan direnek edota salaketaren bat jaso dutenek "berehala (ahal dela 24 ordu igaro baino lehen) jakinarazi beharko diete euren goi arduradunei".

Horrez gain, gertatutakoa eta ondorioak aztertzeko barne ikerketa ere gomendatzen du, betiere biktimen gogoa errespetatuta eta errugabetasun presuntzioa babestuta.

Adingabe bati min egin zaiola baieztatuta balego, Fiskaltzari jakinarazi beharko zaio zuzenean, eta hori posible ez balitz, Poliziari. Abusuon ustezko egilea erlijiosoa edo apaiza balitz, Elizako hierarkia ere jakinaren gainean jarri beharko litzateke.

Halaber, krisi batzorde bat sortzea ere aholkatzen du. Batzorde horretan, hauek egongo lirateke: eskolako zuzendaria, probintziako arduraduna edo ordezkaria, fundazioaren zuzendari edo koordinatzaile nagusia, gotzaina edota bikarioa, abokatu bat eta teknikari/aditu bat (ikastetxeko orientatzailea edo psikologoa, esate baterako).

Nola artatu biktima eta nola tratatu erasotzailea

Biktimari dagokionez, Elizaren agintariren batek berarekin eta horren familiarekin hitz egin beharko du, arriskuan ez dagoela ziurtatzeko eta egoera fisiko-emozionala zein den jakiteko. Agintari hori biktimak behar duen horretan laguntzeko prest izango da.

"Sufritutakoa ulertzen duela helaraziko dio, ez du epaituko eta ez dio xehetasun morbosorik eskatuko. Garrantzitsua da biktima sinistua eta babestua sentitzea, gerora egingo den ikerketaren emaitza gorabehera", irakur daiteke protokoloan.

Ustezko erasotzaileak adingabekoekin harremana badu, aldi baterako urrunduko dute horiengandik (salatutakoak noiz gertatu ziren, salatzaileak zenbat urte dituen edota erasotzaileak duen kargua kontuan hartu gabe).

"Ekintzekin bermatzen ez badira, hitzek ez dute balio. Salatutakoa hilda badago ere, eta delitua preskribatuta dagoen arren, biktimek aitortza merezi dute", adierazi du.

Modu bertsuan, salatzaileari jaramon egin beharko zaio, akusazioa baieztatzen edo ezeztatzen den gorabehera.

Azkenik, biktimari eta senitartekoei barkamena publikoki eskatzea gomendatzen du protokoloak, eta, beharra izanez gero, auzi mota horietan espezializatutako erakundeetara jotzea (Unicef, Save The Children eta ANAR fundazioa, esaterako).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Umeak Sexu erasoak Gotzain Biltzarraren albisteak gaur Hezkuntza Eliza Katolikoa eta abusuak