Gizartea -

SEXU-ABUSUAK

Basauriko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa eta neurriak eskatu ditu Godoyk

Sexu-abusuengatik salatutako Baskonia Futbol Eskolako entrenatzaile ohia karguekin aske utzi ostean, Pepe Godoyk bideoa argitaratu du YouTuben. Bera izan zen pertsona hori salatu zuen lehena.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexu-abusuengatik salatutako Baskonia Futbol Eskolako entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketa lehenbailehen egitea eta bitartean haren kontrako kautelazko neurriak hartzea eskatu du Pepe Godoy basauriarrak, "munstro hori bere biktima batzuengandik 100 metro baino gutxiagora bizi baita". Godoy izan zen, hain zuzen ere, pertsona hori salatu zuen lehena.

Pepe Godoyk bideo bat argitaratu du gaur YouTuben, Bilboko epaitegi batek sexu-abusuengatik salatutako Basauriko entrenatzailea karguekin libre utzi ostean. Hilabete honen hasieran adin txikiko baten familiak salaketa aurkeztu zuen gizon horren aurka. Kasu honetan, delitua preskribatu gabe zegoen.

Ertzaintzak martxoaren 12an atxilotu zuen ustezko erasotzailea eta, epailearen aurretik igaro ostean, karguekin aske gelditu zen hurrengo egunean, ikerketak aurrera egin zain.

20 minutuko iraupena duen bideoan, epaiketa ahalik eta azkarren egitea eta justizia eskatzen ditu, ustezko erasotzailearen kontrako kautelazko neurriak ez direla hartu argudiatuta.

Godoyk berak gizon horren aurkako salaketa jarri zuen duela bi urte, baina delituak preskribatuta daude duela 30 urte baino gehiago gertatu zirelako (8 urte zituenetik 11 urte egin zituen arte).

Abendutik gaur arte zazpi pertsonak aurkeztu dute salaketa Basauriko entrenatzaile ohiaren aurka, adin txikikoei sexu-abusuak egitea leporatuta.

Azkenik, Pepe Godoyk eskaera zuzena egiten die Basauriko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, sexu-abusuen biktimei laguntza psikologikoa eskaini diezaien eta azken salaketa jarri duen adingabeari babes juridikoa eman diezaioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko albisteak Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Sexu erasoak