Gizartea -
Polizia-operazioa Bizkaian
Lapurrek banketxe batean osten zuten hilero kutxazaina hil arte
Bilbon, Portugaleten eta Castro Urdialesen desegindako atrakatzaile taldeari 25 banketxetako lapurretak leporatzen dizkiote. Cambrilseko hilketaren ondoren gelditu zirela uste dute.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du gaur desegin duten atrakatzaile bandako bost kideek Espainian atrakuak egin dituen talde espezializatuena osatzen zutela.
Ertzaintzaren egoitzan daude atxilotuta ustezko lapurrak eta Reuseko (Tarragona) epailearen esku utziko dituzte, izan ere, han hasi zen ikerketa Cambrilseko kutxazainaren hilketaren harira.
Herrizaingo sailburuak azpimarratu du oso lapurreta "sofistikatuak" egiten zituztela eta mozorroak aldatu egiten zituztela lapurreta bakoitzean.
Era berean, Aresek gaineratu du lehenengo aldiz elkarlanean aritu direla Estatuko lau polizia (Ertzaintza, Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta Esquadra Mossoak) ikerketa egiteko, eta horrek "jarraitu beharreko bidea zehazten" duela.
Azaldu duenez, ikerketa taldea kutxazainaren hilketaren ondoren sortu zen, Mossoek Estatuko gainerako poliziei informazioa eskatu zietenean.
Agenteek ondorioztatu zuten talde bakarra zegoela lapurreta guztien atzean eta Euskal Herrian zutela bizilekua. Hori horrela, elkarlanerako taldea eta egoitza Ertzaintzaren Erandioko basean jarri zuten.
Banketxe bat hilero
Espainiako atrakatzaile talderik arriskutsuena desegin dute gaur Bilbon, Portugaleten eta Castro Urdialesen. Kataluniako Gobernuaren arabera, 2008tik aurrera 25 banketxe inguru atrakatu zituzten, hilero bat ia, baina jarduera bertan behera utzi zuten Cambrilsen (Tarragona) kutxazain bat hil ondoren.
Felipe Puig Barne kontseilariak, Bartzelonan emandako prentsaurreko batean, polizia-operazioaren garrantzia azpimarratu du, izan ere, atxilotuen artean dago ustezko hiltzailea eta horrek agerian uzten du "krimenak ez direla zigorrik gabe geratzen".
Lapur taldeak Kantauri isurialdean batez ere egiten zituen atrakuak. Hilabetean behin banketxe bat atrakatzen omen zuten eta beti metodo berberak erabiltzen zituzten: banketxean armatuta eta mozorrotuta sartzen ziren.
Santander banketxeak Cambrilsen duen egoitzan kutxazain bat hil zuten, eta ordutik aurrera, lapur taldeak gelditzea erabaki zuen, poliziaren jazarpena gogorragoa izango zela ohartuta.
Cambrilseko erasoan parte hartu zuten bi gizonezkoetako bakarra atxilotu dute gaur, Castro Urdialesen (Kantabria) hain zuzen ere. Bravo ezizena du eta bere kidea ez dute oraindik atxilotu.
Poliziak bost lagun atxilotu ditu atrakatzaile banda bateko kideak izatea leporatuta Bilbon, Portugaleten eta Castro Urdialesen (Kantabria), polizia-iturriek jakitera eman dutenez. Atxilotuen artean Cambrilseko kutxazain baten ustezko hiltzailea omen dago.