Gizartea -
Europako Kultur Hiriburua 2016
Odon Elorzak BBK kritikatu du Kordobaren hautagaitza babesteagatik
Donostiako alkatearen esanetan, kutxa bizkaitarrak "ekonomikoki eta konpromiso handiekin babestu du" Andaluziako hautagaitza, "Euskal Herri osoarena den hautagaitza" ahaztuta.
Erredakzioa
Odon Elorza Donostiako alkateak gogor kritikatu du BBK 2016ko Europako Kultur Hiribururako Kordobako hautagaitza babestu duelako "Euskal Herri osoarena den hautagaitza", Donostiarena, babestu beharrean.
BBK-k berak eta beste erakunde batzuek antolatutako hitzaldian Elorzak azaldu duenez, "Donostiaren aurkari nagusiaren hautagaitza" da Kordobarena.
BBK-k Cajasur irentsi ondoren, kutxa bizkaitarrak "ekonomikoki eta konpromiso handiekin" babestu omen du Kordobaren hautagaitza, eta Mario Fernandez BBKren presidentea "ilusioa, dirua eta konpromisoak" jartzen ari da hautagaitza andaluziarraren alde.
Elorzaren arabera, "Donostiakoa Euskal Herri osoaren hautagaitza da, izan ere, Biarritzek eta Baionak ere bat egin dute proiektuarekin".
Era berean, Donostiako alkateak uste du 2016ko Europako Kultur Hiriburu izatea lortzen badute "bake prozesuari ilusio kolektibo eta filosofia aktiboagoarekin" ekingo zaiola.
Amaitzeko, "keinuren bat" eskatu dio Bilbori "konpentsazio" gisa.