Gizartea -
Indarkeria kirolean
Kirol-lagunarte ez biolentoak bultzatu eta oinarrizko kirola zainduko du Jaurlaritzak
Kiroleko "eraso fisikoak eta hitzezkoak" ezabatzeko zenbait ekintza prestatu ditu Eusko Jaurlaritzak, kirol profesionalean zein oinarrizkoan.
Agentziak | Erredakzioa
Kirolean indarkeria ezabatzeko politikak bultzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako animazio lagunarteak ez biolentoak izatea bultzatuko du eta oinarrizko kirolean indarkeriazko adierazpenak dauden begiratuko du, Bingen Zupiria Kultura sailburuak azaldu duenez.
Zupiriak Legebiltzarreko batzorde batean hitz egin du, fenomeno honen kontra borrokatzera zuzendutako gomendioei buruzko txosten bat azaltzeko. Erakundeek, klubek, federazioek eta hezkuntza zentroek hartu dute parte, eta Juan Aldaz eta Marian Ispizua unibertsitateko irakasleek zuzendu dute.
Ondorioen arabera, "kiroleko indarkeriari buruz baino", "futboleko eraso fisiko eta hitzezkoei" buruz hitz egin behar da, profesionalean zein oinarrizkoan eta amateurrean.
Sailburuak esan duenez, gainera, "gizonen arazo bat da", gizonezkoak direlako zigortuen % 97, eta ohartarazi du oraindik ezagutzen ez diren indarkeriazko adierazpenen "zenbaki beltz" bat dago.
Iaz, Segurtasun sailak 101 zigor espediente tramitatu zituen, 2017an baino % 14 gutxiago. Guztiak, bat izan ezik, futbolarekin zeuden lotuta. Gehienak erasoak, liskarrak eta desordena publikoak, oihu intoleranteak, irainak eta mehatxuak ziren.
Kirol profesionalean, kirolaren eta politikaren arteko harremanarekin, intolerantziarekin, sinbologiarekin, klubak erabakiak hartzerakoan daukaten "epelkeriarekin" eta inplikazio faltarekin, eta alkoholarekin dute zerikusia arazoek.
Bestalde, oinarrizko kirolean, "intentsitate baxuko" indarkeria ez delako identifikatzen eta familiek, hezitzaileek eta ikusleek indarkeriazko egoerak "normalizatzen" dituztelako gertatzen dira arazoak. Lehiakortasunari garrantzia handiegia ematen zaiela antzeman dute, eta kirolak eginkizun hezitzailea duela ahazten dela.
Gomendioen artean, zigorrak aplikatzea eta zaleak sentsibilizatzeko kanpainak aurreikusten dituzte, besteak beste.
Hiru neurri indarkeriaren kontra
Lehenik eta behin, animazio taldeen eta klub profesionalen arteko harreman eredu berri bat bultzatuko du Eusko Jaurlaritzak, kirol-lagunarteek ez biolentziaren kultura izateko oinarri.
Oinarrizko kirolean, Euskal Futbol Federazioarekin lankidetzan, indarkeriazko adierazpenen datuak bilduko dira, eta aplikazio informatiko berria sortuko da, horiek erkatzeko.
Hirugarren erreminta hedabideekin dago lotuta. Arazo honi buruzko estilo-liburu bat egingo dute, praktika onen gidaliburu bat egiteko eta "indarkeria baztertzen duen eta sentsazionalismotik eta zirikadatik aldentzen den hizkuntza" sustatzeko.
Emakumeak
Emakumeek kirolean sufritzen dituzten sexu-abusu eta jazarpen egoerei buruz ere hitz egin du Zupiriak. Horiek aldageletan, zelaian, entrenatzaileen etxe edo autoetan eta kluben ekitaldi sozialetan gertatzen dira.
Eraso horien arduradunak biktimen "ezagunak, errespetatuak eta maitatuak" izaten dira, eta "botere eta autoritate" egoeran daude.
Egoera hauen "aliatu handia da isiltasuna", eta argi utzi du neutraltasuna "ez dela aukera bat". "Tolerantzia zero" eskatu die eragile guztiei.
"Zure taldekoak gara" programa emakume eta gazte kirolarientzat dago zuzenduta, baita arlo honetan lan egiten dutenentzat; entrenatzaileak eta epaileak, kasu. Iazko azaroan sortu zenetik 34 dei jaso ditu, eta hamahiru pertsonei arreta ematea izan du emaitza.
Sailburuak azpimarratu duenez, dei horiek ez dute islatzen "emakumeen eta adingabeen aurkako indarkeriaren tamaina", oraindik "ezkutuko errealitate" bat delako.