Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Errenterian bikotekide ohia kolpatzeagatik

Erasotzaileak, 23 urteko gizonezkoak, emakumea bultzatu eta lurrera bota zuen eta lepotik heldu zion. Biktimarengandik urruntzeko agindua ere urratu zuen.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, asteartearekin, Errenterian (Gipuzkoa) bikotekide ohiari eraso egiteagatik eta harengandik urruntzeko agindua urratzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.

Eraso matxista 23:00ak aldera jazo zen Gabierrota-Larzabal auzoan. Bizilagun batzuek ohartarazi zutenez, gizonezko bat emakume bat kolpatzen ari zen merkataritzagune batetik gertu.

Bertaratutako agenteek lekuko batzuekin topatu zuten biktima. Emakumeak esan zienez, gizonak bultzatu eta lurrera bota zuen, eta lepotik heldu zion.

Emakumearen oihuak entzunda, ihes egin zuen erasotzaileak, baina Ertzaintzak handik gutxira topatu zuen lekutik hurbil. Genero indarkeria eta agindu judizialaren urratze delituengatik atxilotu zuten. Izan ere, gizonezkoak emakumearengandik urruntzeko agindua du indarrean.

Atxilotutakoa Ertzain-etxera eraman zuten, eta datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.

________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Errenteria Tratu txarren biktimak Matxismoa