Gizartea -
Donostian
Gipuzkoako sei banku-lapurreten ustezko erruduna atxilotu dute
Zerbitzutik kanpo zeuden bi agentek susmagarria Kontxako Pasealekuan ikusi dute. Haren ibilgailua arakatzean pistola bat aurkitu dute gidariaren eserlekuaren azpian.
Erredakzioa
Gipuzkoako herri ezberdinetako sei bankutan ustez lapurretan egindako pertsona atxilotu egin du Ertzaintzak Donostian, Herrizaingo Sailak jakitera emandako informazioaren arabera.
Atxiloketa 06:30ean egin dute, zerbitzutik kanpo zeuden bi agentek susmagarriaren deskribapenarekin bat zetorren gizonezkoa ikusi dutenean.
Kontxako Pasealekuan gizona harrapatu eta dokumentazioa eskatu diote. Lapurreten ustezko erruduna zela ikusitam atxilotu egin dute.
Ondoren susmagarriaren ibilgailua miakatu eta arma bat aurkitu dute gidariaren eserlekuaren azpian.
Atxilotuari Donostia, Lasarte, Pasaia eta Andoaingo banketxeetan egindako sei lapurreta leporatzen zaizkio. Guztira, 10.000 euro lapurtu omen ditu.
Azken lapurreta ostegunean bertan egin zuen Andoainen. Orduña bankura sartu, kutxazaina pistola batekin mehatxatu eta 600 euro lapurtu zituen.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du atxilotutakoak Gipuzkoan izandako beste lapurreta batzuekin zerikusia izan duen ala ez argitzeko.