Gizartea -
Genero indarkeria
Zigorra murriztu diote gizon bati, generoa astungarri gisa kontuan izatea baztertuta
Palentziako Lurralde Auzitegiak 10 urte eta bi hilabeteko zigorra ezarri zion gizonari, adin txikiko seme-alabak aurrean zituela emazte ohia hiltzen saiatzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emazte ohia hiltzen saiatu zen gizon bati urtebete eta bost hilabete murriztu dio espetxe zigorra Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak, eraso horretan generoa astungarri gisa kontuan hartzea baztertu duelako. Ondorioz, zortzi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio.
Justizia Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibileko Salak erasotzailearen errekurtsoa onetsi du neurri batean, Lurralde Auzitegiaren erabakiari aurka eginez.
Modu horretan, genero larritasunari dagokionez, auzitegi horren erabakia baliogabetu du, eta, horrenbestez, zigorra arindu dio.
Erasoa 2017ko otsailean gertatu zen. 37 urteko gizonak ostrak irekitzeko labana batekin egin zion eraso emazte ohiari, kalean eta adin txikiko seme-alaben aurrean. Hain zuzen ere, erasoa izan zenean gizonaren etxera zihoan emakumea, urtebeteko eta sei urteko seme-alabak eramatera, bisitei buruzko arauak betez.
Emakumea, baina, ez zen autotik ateratzen ausartu, hil egingo zuela esan baitzion egun batzuk lehenago, ez zizkiolako umeak "utzi" nahi izan. Erasotzailea ibilgailura gerturatu zen orduan, gidariaren atea ireki zuen eta bost sastada eman zizkion labanarekin, "hil egingo dut" esaten zuen bitartean.
Bizilagun bat sartu zen tartean, eta erasoa gelditzea lortu zuen.
________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.