Gizartea -

Genero indarkeria

Neskato bati sexu erasoa egin diote 11 adingabek Tarragonan

Sexu erasoa egotzita atxilotutako mutikoa Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute, eta gainerakoak aske. Dirudienez, droga eta alkohola hartu zuten aurretik erasotzaileek eta biktimak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neskato bati sexu erasoa egin diote 11 adingabek Tarragonan. Esquadra Mossoek adin txikiko mutiko bat atxilotu zuten lehenik, neskato adingabeari sexu erasoa egitea egotzita, eta ondoren atxilotu zituzten beste hamar gazteak, neska berari ustez sexu abusuak egiteagatik.

Iturri polizialek jakitera eman dutenez, sexu erasoa egin izana egotzita atxilotutako gaztea Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute. Gainerako hamar mutikoak aske daude, baina Fiskaltzaren aurrean deklaratu beharko dute aurki.

Martxoaren 19an gertatu zen erasoa, Tarragonako Amfiteatre parkean, eta, 50 lagun inguru galdekatu ostean, hilaren 28an atxilotu zituzten hamaika adingabekoak.

Porta Enree egunkari digitalaren arabera, bai biktima bai erasotzaileak bidaiderik gabeko adingabeak dira, eta harrera zentro batean bizi dira gehienak, erasoa izan zen lekutik oso gertu.

Dirudienez, 11 gazteak eta erasoa jasan zuen neskatoak droga eta alkohola kontsumitu zuten aurretik. Beraz, litekeena da adingabeak horretaz "aprobetxatu" izana sexu abusuak egiteko.

Egun batzuetara, neskatoak zentroko arduradunei kontatu zien erasoa jasan zuela, eta haiek salatu zuten erasoa Esquadra Mossoen aurrean.

________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak