Gizartea -
Iragarpena
Eguzkia bueltan eta tenperaturak gora astea hasteko, Euskadin
Goizean goiz hodeiek zerua estaltzen jarraitu arren, eguzkiak lekua hartu eta ostarteak zabalduko dira, oskarbi egon arte. Asteartean, udaberriko giroan, tenperaturak 20 ºCren bueltan ibilko dira.
Erredakzioa
Astelehenean, eguzkiarekin batera tenperaturaren igoera espero dugu. Goizaldean eta goizean goiz hodei hondarrak geratuko dira, batik bat ekialdean eta bertan zirimiri apur bat egin lezake, Euskalmeten arabera.
Goizak aurrera egin ahala, urdintzera egingo du eta arratsaldean eguzki giroa nagusituko da. Gutxi bada ere, tenperaturak gora egingo du, eguerdi partean 16-18 ºC-ra igoko da termometroa kostaldean eta 15 ºC-ra gainontzeko lekuetan.
Udaberriko eguraldi paregabea izango da asteartean. Gauean sortutako behe-lainoa jaso ostean, zerua oskarbi geratuko denez, eguzkia berriz ere jaun eta jabe izango da.
Ekialdeko haizea ibiliko da, hego ukituarekin tarteka, eta tenperatura beste koska bat igotzea eragingo du, tenperatura beroenak 20 ºC-ren mugara hurbilduko dira. Arratsaldean brisa sartuko da kantauri isurialdean.