Gizartea -
Tabakoaren aurkako legeagaitik
Tabakoaren salmenta % 30 jaitsi da azken hiru hilabeteetan
Tabakoaren Industriaren lehen Azokan adierazi dutenez, gehigarririk gabeko tabakoaren kontsumoak gora egin du "erretzaileek produktu osasungarriak nahi dituztelako, baina erretzeari uko egin gabe".
Erredakzioa
Tabakoaren salmenta % 30 jaitsi da Tabakoaren kontrako legea indarrean izan den lehen hiru hilabeteetan. Horixe da Tabakoaren Industriako Azokan jakitera emandako datua.
Azokan egiaztatu dutenez, gehigarririk gabeko tabakogintza gorantza doa, eta hori "erretzaileek produktu osasungarriak nahi dituztelako da, erretzeari uko egin gabe".
Raúl del Pini Azokako bozeramailearen arabera, zentzu horretan beharrezkoa da "zigarroak egiteko laborantza intentsiboa alde batera utzi eta laborantza ekologikoa bultzatzea, kontsumorako gai kaltegarriak desagertarazi eta ekosistemei katerik ez egiteko".
Legea betetzeko, dastatzeak eta puruak eta pipak erretzeko ikastaroak Azokaren kanpoaldeko esparru batean egin dituzte.
Antolatzaileen arabera, 16 urtetik gorako espainiarren % 27 erretzaileak dira, eta tabakoak 8.000 milioi euro sortzen ditu Espainian.
Gainera, 16.000 estanko daude eta 20.000 pertsona tabakoaren laborantzan egiten dute lan. Hori kontuan hartuta, Espainia Europako hirugarren tabako ekoizlea da. Guztira, 48.000 pertsonak lan egiten dute tabakoarekin zerikusia duten lanpostuetan.