Gizartea -

Txirrindularitza

Euskal Herriko Itzuliak trafikoan izango duen eragina

59. Itzuliak errepideko zirkulazioa etetea edo mugatzea eragingo du apirilaren 8tik 13ra Euskal Herriko hainbat puntutan.

Euskal Herriko Itzulia, iaz. Argazkia: Efe
Euskal Herriko Itzulia, iaz. Argazkia: Efe
Euskal Herriko Itzulia, iaz. Argazkia: Efe

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

59. Itzuliak errepideko zirkulazioa etetea edo mugatzea eragingo du apirilaren 8tik 13ra Euskal Herriko hainbat puntutan.

Apirilaren 8an Urretxun eta Zumarragan egingo duten lehenengo etapan, herriguneko zirkulazioari eragingo dio gehienbat 14:00etatik 17:30era, eta GI-2632 errepidea itxita egongo da Urretxu eta Ezkio-Itxaso artean (ospitalera doazen anbulantziei soilik utziko diete pasatzen). Gainera, Azkoititik Zumarragara edo Urretxura sartzeko GI-631 errepidea erabili beharko da.

Apirilaren 9an Zumarraga eta Eguesibar artean egingo den bigarren etapan, Zumarraga barruko hainbat kalez gain, GI-632 errepidea itxiko dute 13:00etatik 14:00 Zumarraga eta Urretxuko sarreran, eta GI-631 errepidea erabili beharko dute Azkoititik joaten direnek.

Apirilaren 10ean Sarriguren eta Estibaliz artean egingo den hirugarren etapan A-1eko 379. eta 380. irteerak itxita egongo dira Agurainera bidean, 15:30etik 16:00etara. Gainera, 357. irteera, Arkautira bidean, itxita egongo da 16:30etik 17:00etara. Azkenik, N-104a, Arkauti inguruan, bi norabideetan itxiko dute 16:30etik 17:00etara.

Apirilaren 11n Gasteiztik Arrigorriagara egingo duten laugarren etapak Gasteizko erdiguneari eragingo dio bereziki, itxi egingo baitute 12:45etik 13:30era. Bizkaian, Arrigorriagako sarrera-irteerak egongo dira itxita 17:00etatik 18:00etara. A-8an 110. eta 111. irteerak itxiko dituzte, Basaurin, 16:30etik 17:15era, BI-625rako bidea etenda. BI-625 errepidea Arrigorriaga eta Miraballes artean egongo da itxita 16:30etik 17:30era. Bestalde, AP-68an aldizkako etenaldiak egingo dituzte 1., 2. eta 3. irteeretan, 15:20 eta 17:00ak artean, Laudioko, Orozkoko eta Arrigorriagako norantzan.

Apirilaren 12an Arrigorriaga eta Arrate artean egingo duten bosgarren etapan AP-68ko lehenengo irteera itxita egongo da 13:30etik 14:00etara. Gainera, A-8ko 110. eta 111. irteerak itxiko dituzte ordu berean, Basauri parean. Basaurira sartzeko aukera egongo da N-634 errepidetik eta A-8ko 109. irteeratik, Galdakao igarota. Era berean, N-634 errepidea, Galdakao eta Erletxeta artean, itxita egongo da 13:45etik 14:15era, eta gauza bera gertatuko da errepide horretantxe, baina Ermua eta Eibarko erdigunean, 17:00etatik 17:30era. N-637an, Txorierriko igarobidean, 27. irteera itxiko dute, Larrabetzukoa, bi noranzkoetan, 13:45ak eta 14:15ak artean. Gipuzkoan, berriz, AP-8aren 71., 77. eta 64. irteerak itxiko dituzte 15:30etik aurrera ordubetez, Eibar eta Elgoibar inguruan.

Seigarren eta azken etapa apirilaren 13an izango da, Eibarren hasi eta Eibarren amaituko dena. AP-1eko 8. irteera itxita egongo da, Bergarako norabidean, 16:15etik 16:45era. Era berean, AP-8ko 64. eta 71. Irteerak itxiko dituzte Eibar eta Elgoibarren, bi noranzkoetan, 14:00etatik 15:45era. Eibarko erdigunean ere zirkulazio etenaldiak egongo dira 13:30etik 17:30era.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Kirolak Txirrindularitza Euskal Herriko Itzulia EAE albisteak Gizartea Albisteak