Gizartea -

Eustaten datuak

Euskal herritarren bizi-itxaropena 10 urte luzatu da 1976az geroztik

Batez beste, 80,4 urte bizi dira gizonak, eta 86,3 urte emakumeak. Eustaten arabera, gutxi dira hain bizi-itxaropen altua duten herrialde garatuak.

Euskal herritarren bizi-itxaropena 10 urte luzatu da. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Euskal herritarren bizi-itxaropena 10 urte luzatu da
Euskal herritarren bizi-itxaropena 10 urte luzatu da 1976az geroztik

1:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal herritarren bizi-itxaropena 10 urte luzatu da 1976az geroztik. Hain zuzen ere, batez beste, 80,4 urte bizi dira gizonak, eta 86,3 urte emakumeak.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, duela 40 urte, batez beste, 69,6 urterekin hiltzen ziren gizonak, eta 76,9 urterekin emakumeak.

Horrek esan nahi du 9,4 urte luzatu dela emakumeen bizi-itxaropena, eta 10,8 urte gizonena.

Gainera, bi sexuen arteko aldea txikitu egin da. Orain dela 25 urte, adibidez, 8,7 urteko aldea zegoen emakume eta gizonen artean; orain, berriz, 5,9koa.

Eustatek azaldu duenez, gutxi dira bizi-itxaropen hain altua duten herrialde garatuak, bereziki, emakumeen kasuan.

Bizi-itxaropenari "kalte" handiena tumoreek egiten diote. Hau da, behin betiko desagertuko balira, gizonek 4,4 urte luzatuko lukete bizi-itxaropena, eta emakumeek 3 urte.

Bestalde, Frantzia eta Suediarekin alderatuta, ugalkortasun-tasa oso baxua dauka Euskadik. 2016an 1,3 haur izan zituen, batez beste, emakume bakoitzak; 1975ean, berriz, 2,7.

Horregatik, estimatutakoaren arabera, emakumeko 0,7 erditze izango dira Euskadin; hots, emakumeen herenak ez du haurrik izango.

Amatasun adina, bestalde, inoizko berantiarrena da: 32,8 urte (Europar Batasunean baino 2 urte eta 1975ean baino 4 urte berantiarragoa).

Bukatzeko, batez beste, 37,1 urterekin (1975ean baino 10,4 urte beranduago) ezkontzen dira gizonak Euskadin, eta 35ekin emakumeak (10,8 urte beranduago). Horrekin lotuta, gizonen % 47,7 ezkontzen dira, eta emakumeen % 51,9. 2001eko datuei erreparatuz gero, nabarmen aldatu da egoera. Izan ere, gizonen % 56,1 eta emakumeen %59,5 ezkondu ziren, orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskal Estatistika Erakundea gaur