Gizartea -

Nafarroan

Sumarioa sekretupean ipini dute Beriainen hildako emakumearen auzian

La Morea lakuan topatu dute 07:40ean. Oraindik ez dakite nor den. Foru Gobernuak ez du hipotesirik baztertzen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Instrukzioko laugarren zenbakiko Epaitegiko epaileak sumario-sekretua agindu du Beriaingo (Nafarroa) aintzira batean indarkeria arrastoekin hilda agertu den emakumearen auzian.

Emakumearen gorpua Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dute autopsia egiteko eta heriotzaren nondik norakoak argitzeko. Baliteke emakumea latinoamerikarra izatea.

"Tesi guztiak zabalik daude" oraingoz, esan du Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Foruzaingoa eta Epaitegia heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari dira.

Emakumearen hilotza 07:40 aldera agertu da Morea aintzirako uretan; inguruan zebilen auzokide batek aurkitu du gorpua, Rafael Blanco Beriaingo alkateak Efe albiste agentziari jakinarazi dionez.

Blancok zehaztu duenez, aintzira ez da parke bat baina paseatzeko erabiltzen dute, industrialde baten ondoan dago, eta goizez debekatuta dago ibilgailuak sartzea. Gauez, baina, ez dute tokia zaintzen.

Abisua jaso eta gorpua jaso ostean, suhiltzaileek aintzira miatu dute zodiac ontzi batean, baina, antza denez, ez dute ezer aurkitu.

Ezbeharrak Beriaingo herritarrak atsekabetu ditu, Blancoren hitzetan; orain lehentasuna emakumea nor den argitzea dela gaineratu du alkateak.

Baliteke biktima herriko auzokidea ez izatea; izan ere, inguruan ez dute ez desagerpenik salatu, ezta emakumeen aurkako indarkeria kasuen berririk eman ere, nahiz eta azken hori hipotesietako bat izan.

Dena den, Udaleko Bozeramaileen Batzordea ezbeharraren nondik norakoak argitzeko bilduko da gaur arratsaldean, eta, heriotza bortitza izan dela baieztatzen bada, gaitzespena agertuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea