Gizartea -
Astigarraga (Gipuzkoa)
Osakidetzak Rezola sagardotegiko bezeroak ohartarazi ditu elgorri kasu bategatik
Konkretuki, martxoaren 23an sagardotegi horretan afaldu zuten pertsonei abisua eman diete. Gau hartan 250 pertsonak afaldu zuten sagardotegian.
Agentziak | Erredakzioa
Astigarragako (Gipuzkoa) sagardotegi batean, martxoaren 23an afaldu zuten pertsonak ohartarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, horien artean elgorria diagnostikatu dioten lagun bat zegoelako.
Zehazki, Madrilen bizi den pertsona bat da elgorriarekin. Horregatik, Espainiako hiriburuko osasun arduradunek Osakidetzari abisua eman diote. Gaixoak martxoaren 23an Astigarragako Rezola sagardotegian afaldu zuen, Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez.
Kutsatze gehiago antzemateko protokoloa aplikatuz, Osakidetzak ohar informatibo bat igorri du, egun hartan sagardotegi horretan izan ziren guztiei gomendio batzuk emateko.
Sagardotegiko arduradun batek jakinarazi duenez, gau hartan 250 bat lagunek afaldu zuten bertan. Telefonoz abisua ematea posible izan da, sagardotegiko erreserben erregistroan bezeroen telefono zenbakiak gorde zituztelako.
Elgorria eritasun oso kutsakorra dela ohartarazi dute agirian. Airetik transmititzen da, eta gaixotasuna izan edo txertoa jaso dutenek “elgorriarekin kutsatzeko oso arrisku txikia dute”.
“Zorionez, Euskadin txertatze-tasa oso handia da, eta kutsatzeko arriskua txikia. Hala ere, kasu gehiago saihestu nahi dugu, eta elgorriaren aurrean zuen babesa berrikusteko eskatzen dizuegu”, erantsi du oharrak.
Osakidetzak gogorarazi duenez, 1980. urtearen ostean jaiotakoek txerto hirukoitz birikoaren bi dosi jaso zituzten, 1971-1980 artean sortutakoek dosi bakarra eta nagusiagoek “immunitate naturala dute, birus basatiarekin kontaktuan egon direlako”.
Datozen 10 egunetan “sintomaren bat” nabarituz gero, medikuari “telefonoz” abisua ematea eta “elgorriarekin kontaktuan” izan direla azaltzeko eskatu du Osakidetzak. Sintomen artean, makula gorriak eta sukarra nabarmendu ditu, baita eztula, konjuntibitisa eta kongestioa ere.
Balizko gaixoa “etxean geratu behar da, osasun zentrora joan gabe” eta, asteburua edo jaieguna baldin bada, larrialdi zerbitzuei abisua eman.