Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon talde batek sexu-erasoa egin dio emakume bati Barakaldon
Ertzaintzak erasotzaileetako bi atxilotu ditu. 25 eta 26 urteko bi gazte dira. Inguruan zegoen bizilagun baten laguntzarekin lortu zuen emakumeak ihes egitea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 25 eta 26 urteko bi gazte atxilotu ditu Barakaldon, emakume bati ukituak egitea eta soinean zeraman dirua lapurtzea egotzita.
Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez, erasoa joan den igandean gertatu zen, Barakaldo erdiguneko kale batean, 07:00ak aldera. Taldean egindako erasoa izan zen eta hainbat gizonek hartu zuten parte.
Inguruan zebilen herritar baten laguntzari esker, biktimak ihes egitea lortu zuen. Ertzaintzan jarritako salaketaren arabera, gizonek beldurrarazi egin zuten, ukituak egin zizkioten eta gainean zeukan dirua lapurtu zioten.
Ertzaintzak erasotzaileetako bi atxilotzea lortu zuen handi gutxira, eta gainerakoen bila ari da orain. Sexu-askatasunaren aurkako delitua eta lapurreta leporatu diete atxilotutako bi gazteei.