Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon batek ustez emaztea hil du Kanaria Handian
45 urteko gizona atxilotu egin dute eta epailearen aurrera noiz eramango zain dago. Aurreikusitakoaren arabera, aurki deklaratu beharko du ustezko hilketagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak 45 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo ustez 42 urteko emaztea hiltzeagatik. Puerto Ricoko (Kanaria Handia) etxebizitza batean gertatu zen hilketa.
Horixe da, hain zuzen, ikerketatik hurbil dauden iturriek jakitera eman dutenez. Dirudienez, larrialdi zerbitzuek eman zuten jazotakoaren berri, etxebizitza horretan emakumearen gorpua aurkitu ostean.
Behin albistea ezagututa, Guardia Zibila hilketa gertatu zen lekura joan zen, eta auzitegiko medikuak kriminalitate zantzuak hauteman zituen. Horregatik, biktimaren senarra atxilotzea erabaki zuten.
Iturri horien esanetan, autopsiak esan beharko du orain hilketa nola gertatu zen, baita jasotako kolpeengatik hil bazen ala ez. Izan ere, emakumearen gorpuak zituen zauriak ez omen ziren heriotza eragiteko bezain larriak.
Hori dela eta, Guardia Zibilak lanean jarraituko du, informazioa jasotzeko eta gertatutakoa behar bezala aztertzeko.
Bien bitartean, atxilotua epailearen aurrera noiz eramango zain dago. Aurreikusitakoaren arabera, aurki deklaratu beharko du ustezko hilketagatik.
____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.