Gizartea -
Eguraldia
Astintzen hasi da enbata
17:00etatik 20:00etara egongo da abisua indarrean, baina beste abisu hori bat ere egongo da, euriteengatik, 18:00etatik aurrera.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko, 17:00etatik 20:00etara, enbata arriskuagatik, haizeak orduko 80 kilometroko abiadura gaindi dezakeelako; tenperaturak 8-10 gradu jaitsiko dira ordubetean.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, haizea aldatu egingo da mendebalde/ipar-mendebaldera, eta horrek ekarriko du enbata.
Era berean, beste abisu hori bat jarri dute gaurko, euri asko egitea espero baitute; metro koadroko 15 litro baino gehiago bota ditzake EAEko hainbat puntutan. Abisua 18:00etatik gauerdira arte egongo da indarrean.
Gainera, kazkabarra egiteko arriskua ere badago, eta haize gogorra ibiliko da ekaitzak jotzen duen lekuetan.
Bestalde, nabigaziorako abisu horia ere aktibatuko da 17:00etatik 20:00etara, lehen bi miliatan. 1,5 eta 2 metro arteko olatuak izan litezke.