Gizartea -
Tragedia Malagan
Julen Totalan herriko putzura jaustean hil zen, autopsiaren arabera
Beraz, baztertu egin dute erreskate lanetan pikotx batekin emandako kolpe bategatik hil zela —hala zihoen lursailaren jabearen defentsak—.
Agentziak | Erredakzioa
Totalan (Malaga) herriko putzu sakon batera jausi zen Julen bi urteko haurraren gorpuari egindako autopsiaren arabera, erorketaren ondorioz hil zen mutikoa.
Behin betiko autopsiaren emaitzak jakinarazi dituzte gaur, eta horien arabera, haurra urtarrilaren 13an hil zen, 13:50ean, "amiltzearen ondorioz, burezurreko eta orno-muineko traumatismoak jota".
Erreskate lanetan, suhiltzaileek erabilitako pikotx kolpe baten ondorioz hil ote zitekeela eta, autopsiak baztertu egin du aukera hori: "Ez da garezur-gangaren goialdean hausturarik topatu". Gainera, gogorarazi dute pikotxa umea hil eta lau ordura hasi zela lanean, hortaz, erabat alboratu dute hipotesi hori. Hori da, hain justu, putzua zegoen lursailaren jabearen defentsak dioena.
Auzitegiko medikuen esanetan, jausi eta denbora gutxira, "minutu eskasetara" hil zen haurra. "Ez zen erorketa askea izan, marruskadurak, umearen arropak eta putzuak zituen koskek erorketaren abiadura apaldu zuten", argudiatu dute.
Julen txikia urtarrilaren 13an jausi zen putzura (70 metroko sakon eta 25 zentimetro zabal zituen). Gorpua urtarrilaren 26an topatu zuten, goizaldean (01:25), eta handik bi ordura (03:29) atera zuten gainazalera.