Gizartea -
migrazio krisia
'Aita Mari', Mallorcara bidean, Greziara joateko baimenak lortzeko asmoz
Erreskate ontziko arduradunen aurreikuspenen arabera, bihar goizean helduko dira Balearretara.
Agentziak | Erredakzioa
Lesbosera (Grezia) giza laguntza eraman nahi duen Aita Mari ontzia Palmako portura bidean da, Espainiako Itsas Agintaritzak emandako agindua betetzeko asmoz, Giza Itsas Salbamenduak (SMH) jakitera eman duenez.
Atzo Espainiako Estatuko portu batean gelditzea eta dagokion baimena eskuratzea exijitu zion Agintaritzak, nahiz eta Portugalek emana zion.
Ontzia Elxen parean dago. Atzo norabidea aldatu behar izan zuen, Mediterraneora joateko Espainiaren baimena ez zuela jakitean.
Portugalen baimena bazuen
Aita Mari ontziaren arduradunek nabarmendu dutenez, bihar 08:00ak aldera helduko da Palmara. SMH gobernuz kanpoko kideak hasi dira Greziara bidaiatzeko baimenak izapidetzen, baina oraindik ez dakite lortuko dituzten ala ez.
Lisboan, Portugalgo agintarien baimena jaso zuen Aita Mari-k Lesbosera giza laguntza garraiatzeko (medikuentzako materiala, esne hautsa haurrentzat eta higienerako oinarrizko beste produktu batzuk). Hain justu, horren berri eman zieten Espainiako agintariei, eta, horien erantzuna ikusita, Espainia Portugalgo Itsas Agintaritzaren erabakiaren aurka jokatzen ari dela uste du SMHk.
Aita Mari-ren arduradunek azpimarratu dutenez, euren asmoa giza laguntza garraiatzea eta ontzia ospitale moduan erabiltzea da; ez, ordea, erreskate lanak egitea.
Horrela, eta Greziako uharteetan dagoen "urgentziazko egoera" kontuan hartuta, "Portugalgo agintariek emandako baimena berrestea eta bidaiarekin jarraitzen uztea" eskatu diete Espainiako agintariei.