Gizartea -
Apirilaren 14an
ELAk, LABek eta UGTk grebara deitu dituzte jangeletako langileak
Apirilaren 14an izango da sare publikoko eskoletan. Sindikatuek ohartarazi dute Jaurlaritzak eta patronalak ez badute negoziatzen Aste Santuaren ostean jangela zerbitzua erabat geldi dezaketela.
Erredakzioa
ELA, LAB eta UGT sindikatuek Euskadiko sare publikoko eskola jangeletan greba eguna iragarri dute apirilaren 14rako "konbenioaren egoera kritikoa" dela eta. Honen harira Jaurlaritzak eta patronalak ez badute negoziatzen agian Aste Santuaren ondoren ez dela jangela zerbitzurik egongo ohartarazi dute.
Iragarritako greba eguna baino bi egun lehenago, apirilaren 12an, arratsaldeko seietan Donostian, Gasteizen eta Bilbon manifestazioak egitea aurreikusten dute sindikatuek. Mobilizazio horietara, iragarri dutenez, Euskadiko sare publikoko jangeletako langile gehienak joateaz gain, guraso asko elkartzea ere espero dute, egoeraren berri jakiteko eta euren aldarrikapenei "babesa eman eta solidarizatzeko gerturatzen ari direlako".
Prentsaurrekoan, ELA, LAB eta UGT sindikatuetako bozeramaileek adierazi dute "irakurketarako elementu hauekin", jangela zerbitzuaz arduratzen diren enpresak eta Jaurlaritzak gogoeta egin eta mobilizazio mingarriagoak ez sortzea espero dutela. Hiru sindikatuek Jaurlaritzari "pilota enpresei pasatu eta kudeaketa euren esku uztea" egotzi die. Ildo horretan, negoziaketa "antzua eta mugimendurik gabea" dela salatu, eta emandako pausuak "ezohikoak" direla esan dute, enpresak presente egon beharren abokatuak bidaltzen dituztelako.
"Kolektiboa isilaraztea"Sindikatuek azaldu dutenez Jaurlaritzak kolektiboa isildu nahi izan du "familien esfortzu ekonomikoa" argudiatuz; hileko kuota 10 euro garestitu dute zerbitzua hobetzeko. Horren harrira, ELAk esan du garestitze horrek "enpresen datu ekonomikoak" bakarrik hobetu dituela, baina ez "sektoreko langileen baldintza ekonomikoak".
Azkenik, nabarmendu dute "familiei egiten ari zaien iruzur hau" ez dutela onartuko. Prentsaurrekoan zehar sindikatuetako ordezkariek gogorarazi dute mobilizazioetan hiru ikasturte daramatzatela eta 15 greba egun egin dituztela.