Gizartea -
Biktimaren helegitea onartu du
Altsasuko bortxaketa sexu-erasoa izan zela ebatzi du Auzitegi Gorenak
Epaian gizona sexu-erasoagatik zigortu du Auzitegi Gorenak. Erasotzaileak emakumea taberna bateko komunean behartu zuen 2016ko otsailean.
Agentziak | Erredakzioa
Emakume bat Altsasuko (Nafarroa) taberna baten komunean bortxatu zuen gizona sexu-erasoagatik zigortu du Auzitegi Gorenak, sexu-abusua baztertuz. Horrela, espetxe-zigorra lau urtetik seira igo du Gorenak. Honenbestez, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia zuzendu du Gorenak.
Epaian gizona koito eta sexu-erasoagatik zigortu du Gorenak. Erasotzaileak emakumea taberna bateko komunean behartu zuen 2016ko otsailean. Delitu horrek behar dituen indarkeria eta larderia osagai guztiak eman zirela uste du Auzitegiak.
Horrela, biktimak Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurka aurkeztutako helegitea onartu du Gorenak. Lurralde-auzitegiak ezarritako sei urteko kartzela-zigorra lau urtera murriztu zuen Foru Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, soilik sexu-abusua leporatuta. Lurralde-auzitegiak sexu-erasoa egotzi zion gizonari.
2016ko otsailaren 6an, 07:00ak aldera, akusatua Foruen plazako taberna batean zegoen, beste hainbat pertsonarekin batera; izan ere, kinto-jaia ospatzen ari ziren herrian. Aurreko egunetik, eguerditik, alkoholdun edari ugari kontsumitu zituen erasotzaileak, sententziaren arabera.
Taberna berean 27 urteko biktima zegoen, mozkorturik.
“Biktima tabernako komunetara joan zen, eta gizonezkoen komunean sartu zen emakumezkoena beteta zegoelako; aldi berean, auzipetua komunean sartu zen”, kisketarekin atea itxiz.
Epaiak azaldu duenez, biktimaren ezezkoei entzungor eginez, zigortuak ukituak egin zizkion, eta bortxatu zuen.
Gainera, besotik heldu eta buelta eman zion, maniobra horren ondorioz biktimak pareta bekokiarekin jo zuen; akusatuak sexu-erasoarekin jarraitu zuen, eseri zen arte, orduan emakumeak alde egitea lortu zuen.
Gorenaren hitzetan, indarkeria eta larderiarik ez dagoela mantentzea ezinezkoa da; “behartu eta sexualki eraso egin ziolako, nahiz eta ezezko argi eta garbia eman”.
Sententziaren txostengilea Julian Sanchez Melgar magistratua izan da. “Sexu-eraso delituak indarkeria edo larderia behar ditu, baina ez lesiorik sortzea, baina kasu honetan sortu ditu”, gogorarazi du Melgarrek.
Era berean, biktima tratamendu psikologikoa jasotzen ari dela azpimarratu du, gertakarien ondorioz antsietate sintomak eta estres postraumatikoa dituelako.