Gizartea -
Iruñean
Emakume bat kartzelatu dute gizon bat lo utzi eta mila euro osteagatik
Biktimak emakumea bazkaltzera gonbidatu zuen eta, baso bat ardo edan ostean, lokartu egin zen. Atxilotuak aurrekariak ditu indarkeria erabilita lapurretak egiteagatik.
Erredakzioa
42 urteko emakume bat espetxeratu dute Iruñean gizonezko bati indarkeria erabilita lapurtzeagatik. Antza, loa harrarazi eta, ondoren, 1.000 euro lapurtu zizkion.
Joan den apirilaren 4an, Kamerungo gizonezko batek lapurreta egin ziotela salatu zuen Udaltzaingoaren bulegoan.
Biktimak deklaratu duenez, aurretik ezagutzen zuen emakume batek bazkaltzera gonbidatzeko eskatu zion eta, bere etxean zeudela, zapore ezatsegina zuen ardo bat edan ondoren, lokartu eta hurrengo egunean esnatu zen.
Emakumea bere etxetik joana zela ohartu zen orduan, eta liburu batean gordeta zituen 1.000 euroak falta zituela.
Udaltzaingoaren agenteek hainbat emakumeren argazkiak erakutsi zizkioten biktimari, eta berehala ezagutu zuen susmagarria. Antza, akusatuak aurrekariak ditu indarkeria erabilita lapurretak egiteagatik.