Gizartea -
Osakidetza
Elgorri kasu berri bat antzeman dute Gipuzkoan
Urte hasi zenetik, zazpi lagun gaixotu dira elgorriak jota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, Osakidetzak elgorri kasu berri bat antzeman du Gipuzkoan. 27 urteko emakumea da gaixotutako laguna. Urtea hasi zenetik zazpi pertsona gaixotu dira elgorriak jota.
Osakidetzak ohar batean azaldu duenez, kasu hau Gipuzkoan apirilaren 9an antzemandako beste batekin lotuta egon daiteke. 41 urteko gizon batek elgorria zeukala baieztatu zuten orduan. Gizona Euskal Herritik kanpo bizi da, baina Gipuzkoako osasun zentro batean artatu zuten. Gipuzkoara joan aurretik kutsatu zen.
Aurrez, martxoaren 23an Astigarragako sagardotegi batean afaldu zuen Madrilgo bizilagun bati antzeman zioten gaitza. Kasu honetan ere Euskal Herritik kanpo kutsatu zen.
Osakidetzak azpimarratu du elgorriaren aurkako txertoa jartzea oso garrantzitsua dela, heriotza eragin dezaketen beste gaixotasun larri batzuk ekiditeko.