Gizartea -
Yanela Zarumaren hilketa
Baliteke Nafarroako berdintasunerako Institutua herri-akusazioa izatea
Yanela Zarumaren hilketa salatzeko egin den kontzentrazioan gizarte gaietarako sailburuak esan du herri-akusazio moduan joango dela epaiketara " familiak horrela izan behar duela uste badu".
Erredakzioa
Hainbat instituziotako ordezkariak bildu dira gaur Yanela Zaruma gaztearen gurasoengana, Iruñean, hilketa kondenatzeko "matxismoaren aurrean ezin da isilik egon" lemapean egin den kontzentrazio isilera.
Gaztearen senideek eta lagunek "justizia eskatzen dugu" zioten kartelak erakutsi dituzte protesta ekitaldian, bikotekide ohiak eta 3 urteko alabaren aitak Yanela Zaruma hil duela aitortu ostean.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak deituta Burlatako gaztearen hilketa gaitzesteko egin duten kontzentrazioan, Foru Gobernuko kideak, parlamentariak, alderdi politikoetako ordezkariak, sindikalistak eta hainbat elkartetako kideak bildu dira.
Pankartaren atzean eta hildako gaztearen argazkia eskuan zutela gurasoak egon dira, baina ekitaldia amaitu bezain laster alde egin dute. Gurasoak, gizarte gaietarako sailburuak esan duenez "lur jota eta nahastuta daude" eta "egoera tamalgarri hau barneratzeko denbora eta lasaitasuna" eskatu dute.
Kontzentrazioarekin indarkeria matxista arbuiatzen dela eta "gurea bezalako gizarte batean onartezina" dela erakutsi nahi izan dutela esan du Maribel Garcia, berdintasun gaietarako arduradunak, eta gaineratu du, Nafarroako Berdintasunerako Institutua herri-akusazioa izango dela epaiketan "beti ere familiak hala izan behar duela uste badu".
Ekitaldian izan da baita ere, Zaruma familiaren abokatua, Sergio Gómez, eta esan duenez, normala izaten da hilketa kasuetan familiaren akusazio partikularraz gain, berdintasun institutuaren moduko herri-akusazioak aurkeztea.
Kasua dagoeneko Emakumearen Indarkeriaren epaitegietan dago indarkeria matxista kasua izan delako. Abokatuak gaineratu du, hilotz bat agertzen denean eta inputazio formal bat egiten den arte, akusazioa "nahigabeko hilketarena" da, baina, kasu honetan akusazio partikularra ziur dago "gutxienez" hilketa edo "asesinatoa" izan dela.
Ez dute baztertu gainera, kasu honetan "bestelako delitu larri batzuk ere egin izana". Izan ere, bestelako diligentziak garatu arte, ez da "sexu erasorik baztertzen".
Azkenik, abokatuak familiaren partez eskerrak eman dizkie komunikabideei eta Burlatako, Beriaingo eta Iruñeko udalei, erakutsitako "errespetuagatik", eta baita momentu hauetan beren ondoan dauden gizarte mugimenduei ere.
Familia Yanela Zarumaren 3 urteko alabari dagokionez, "ondo" dagoela azaldu du familiako abokatuak, gertatutakoaz ez omen daki ezer. Momentu honetan amaren aldeko aiton-amonekin dagoela esan du eta horiek dagoeneko haurraren behin betiko zaintza eskatu behar omen dute. Abokatuak zehaztu duenez, gizarte gaietarako departamentuak egin du dagoeneko txosten "eragozpenik" ez dagoela esanez eta beraz, "badirudi horrela egingo dela" esan du.