Gizartea -
Legez kanpoko deskargak
Lehen webguneak urrian itxiko dituzte
Legez kanpoko deskargak baimentzen dituzten webguneen aurkako lehen salaketen izapideak urrian eta azaroan hasiko dira egiten, Kultura Ministerioak jakitera eman duenez.
Erredakzioa
"Borondatez" zerbitzua edo legez kanpoko deskargak eteten dituzten webguneen aurkako salaketak artxibatu egingo ditu Kultura Ministerioak 48 orduren buruan, baina legez kanpoko iharduera bat berriro hasten baldin badute, espedientea berriz zabaldu ahal izango du Gobernuak. Webguneen aurkako lehen salaketen izapideak urrian eta azaroan hasiko dira egiten.
Jabetza Intelektualaren Batzordearen funtzionamendua arautzen duen Errege Lege Dekretuaren zirriborroak horrela azaltzen du. Legez kanpoko deskargak baimentzen dituzten webguneen aurkako prozedurak aurrera eramateko faseak eta denbora-tarteak ezartzen ditu zirriborroak.
Edukien edo zerbitzuen etetea borondatez gertatzen ez baldin bada, 48 orduko epea behin igarota, Batzordeak egiaztapenak egingo ditu hurrengo bi egunetan, ebazpen proposamen bat egingo du eta proposamen horren berri emango die aldeei, bost eguneko epean ondorioak aurkezteko.
Beste epe batzuk
Era berean, Jabetza Intelektualaren Batzordeak erabaki bat hartuko du hiru egunen buruan, jabetza eskubideak urratu diren ala ez zehaztuz.
EBtik kanpo
Europar Batasunetik kanpo jarduten duten webguneen edukiak ere bertan behera utz daitezkeela gogorarazten du zirriborroak.
Horrela, "Espainian egoitza duten hornitzaileei edukiak kentzeko" agindua eman diezaieke horretarako eskumena duen organoak, "baita Espainiatik zerbitzu horietarako sarbidea debekatzea ere, Europar Batasunetik kanpo diren hornitzaileen kasuan".