Gizartea -
TRAFIKOA
Hiru pertsona zauritu dira Muskizen, A8an hamar autoren artean izandako istripuan
Hiru zaurituak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte. Ezbeharraren ondorioz, erreietako bat itxi dute ia bi orduz Bilborako noranzkoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaian, hamar ibilgailuren arteko istripuak auto-ilara luzeak eragin ditu gaur goizean A8 autobidean, Muskizen, Bilbora bidean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Guztira hiru pertsona zauritu dira eta Gurutzetako ospitalera eraman dituzte.
Ezbeharra 07:30ean gertatu da, A8ko 139. kilometroan.
Antza denez, zortzi ibilgailuk bata bestearen atzetik jo dute eta, 200 metro atzerago, beste bik talka egin dute lehendabiziko istripu horren ondorioz.
Ondorioz, erreietako bat itxi dute eta lau kilometro arteko ilarak sortu dira. Hala ere, ibilgailuak erretiratu ostean, bidea guztiz zabaldu dute 09:00ak aldera eta pixkanaka-pixkanaka auto-ilarak gutxituz joan dira.
A8an istripua izan duten ibilgailuetako batzuk. Argazkia: @cafecongotas7
Hiru kilometro arteko auto-ilarak Orion, AP8 autobidean izandako hainbat istripuren ondorioz
Muskizen ez ezik, goiz korapilatsua izan da Orion. Goizean, hainbat istripu izan dira AP8 autobidean Donostiarako noranzkoan eta, hori dela eta, 3 kilometro arteko ilarak sortu dira. Ilarak Zarautzeraino heldu dira.
10:36rako trafikoa bere onera etorri da.